Argitalpen berrian Durangaldeko ikerlariek, askotariko profesionalek eta adituek parte hartu dute. Honako hauek dira Astola aldizkariaren 16. zenbakian jaso dituzten ikerlanak.
- Landa paisia baten eboluzioa (Ibaizabal Ibaiaren Goi-Arroa 1990-2020) – (Egilea: Adrian Burgada Ereño). Lan hau irabazlea izan da Gerediaga Elkarteak eta Mankomunitateak 2022an egindako Ikerlari Gazteen Bekan. Burgadak Ibaizabal ibaiaren goi-arroaren paisaiak hiru hamarkadan bizi izan duen eraldaketa eta hirigintza prozesua aletu ditu.
- Leopoldo Zugazari elkarrizketa. Juanan Hernandez kazetari durangarrak elkarrizketa sakona egin dio Zugazari. 90 urte beteak izan arren, oraindik ekintzaile jarraitzen du Zugazak. 50 urtetik gora eman ditu kultur proiektu askoren sustatzaile.
- Kortak: herri-basoetako sail borobilen aztarnak Durangaldean – (Ikerlaria: Iosu Etxezarraga Ortuondo). Durangaldean 50 bat korta-baso dago. Gehienak Anboto inguruan, Aramotz eta Legarmendiko tontorretatik ibaizabal erreka ertzera eginda. Oiz mendiaren hego mazelatan ere badira beste batzuk.
- Los Etxaburu y su torre (Ikerlaria: Juan Manuel Cembellin). Izurtzan dagoen dorre berezitik Erdi Aroan eskualdean leinu esanguratsua izan zen Etxaburutarrena. Gerlariak ziren, baina negozio-gizonak ere bai
- Iurretako harginak. Gure ofizio baten azken aztarnen bila (Ikerlaria: Markel Onaindia Txabarri). Santa Apolonia eta Gallandako harriaren kalitateari esker, harrobiko jarduera garrantzitsua garatu zen Iurretan. Hargin modura bi harrobietan lan egindakoekin berba egin du Markel Onaindia kazetariak eta euren istorioak bildu ditu.
- Los lavaderos de Durango. Espacio público de la mujer y patrimonio olvidado (Ikerlaria: Nerea Gastón Tabera). Ikerketa honen egilea Durango Sor(tzaileen)Leku bekaren irabazleetako bat izan da. Latsarri publikoak antzinako adierazpen kultural eta historiko garrantzitsuenetako bat izateaz gainera, aldi berean, emakumeen bilgune eta soziabilitate gune nagusiak ere izan direla azpimarratzen du. (Nerea Gastoni ANBOTOk egindako elkarrizketa, hemen).
- Durango, Martxoak 31 – (Ikerlaria: Jimi Jimenez). Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultura Elkarteak, Durangoko Udalaren laguntzarekin, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan kanposantuan ehortzitako biktimak identifikatzeko ikerketa burutu dute. Ikerketa Jimi Jimenez historialariak egin du eta lan honetan jarraitutako pausuak eta ondorio nagusiak azaltzen ditu. (ANBOTOk Jimenezi martxoan egindako elkarrizketa, hemen).
- Durangaldeko paisaia zoragarriaren azpitik – (Ikerlaria: Arturo Apraiz). Durangaldea itsas arrezifea izan zan orain dala miloika urte. Hala ere, oraindik altxor geologiko handia gordetzen du haran berde eta haitzen edertasunaren azpian. Hori bistaratzeko lana argitaratzen du Euskal Herriko Unibertsitateko geologia saileko irakasleak.
Astola aldizkaria eskuratzeko saltokiak:
Atxondo (Amillena), Abadiño (Petite eta Zelaietako estankoa), Berriz (Etxebarria estankoa), Durango (Etxebarria, Urrike, Hitz, Arteka, Ikerfer, Marpa, Gozo Txori, Durangoko Museoa), Elorrio (Ilargi), Iurreta (Iurretakopi).