“Jasotako lekukotzei eskerrak, San Faustoko eta Madalenako latsarriei forma eman ahal izan diet”

Aritz Maldonado 2022ko urr. 16a, 10:30

Durangoko latsarriei buruzko ikerketa oinarri hartuta, Nerea Gastón (Durango, 1995) arte historialariak erakusketa prestatu du Arte eta Historia museoan. Durango Sor(tzaileen)leku beka jaso du erakusketa egin ahal izateko. Urriaren 30era arte egongo da ikusgai erakusketa.

'Latsarriak: emakumeen ahotsa' erakusketa inauguratu zenuen joan zen barikuan. Zelan joan zen ate irekiera ekitaldia?
Emozionantea izan zela esango nuke. Jende nahikotxo etorri zen erakusketara. Proiektuaren abiapuntuari eta garapenari buruz berba egin nuen, izan ere, hasieratik hona aldatu egin dela esango nuke. Gero, Karrika antzerki taldekoek performance bat egin zuten latsarrietan.

Aitortzen da latsarriek izandako garrantzia?
Udalaren beka jaso aurretik hasi nuen ikerketa, master amaierako lana gai honi buruz egin nuen eta. Lan horretan, Barrenkaleko latsarrien garrantzia azpimarratzea proposatzen nuen, funtzionalak izateaz gainera genero espazioak zirelako eta emakumeen sozializazioan garrantzitsuak zirelako. Alde batetik, historia materiala ikertu gura nuen, ez zegoelako informaziorik, baina emakumeek espazio hauetan izandako rola ere ikertu gura nuen. Beka eman zidatenean, forma eman nion proiektuari. Eta konturatu nintzen Barrenkalekoez gainera badaudela beste latsarri batzuk Durangon, eta horietaz berba egitera ausartu naiz. Proiektu honen ardatza erakusketa bat da; bertan, zortzi emakumeren lekukotza dago, besteak beste. Durangoko artxiboko planoak ere egongo dira ikusgai (aurretik inoiz erakutsi ez direnak), latsarriak agertzen direnak. Horrez gainera, bideo performance bat ere egongo da ikusgai; Bilboko Conciencia y Arte elkarteko artista batek egin du. Elkarte honek Bilboko Udalaren beka bat jaso du, hango latsarriei buruzko dokumental bat egiteko. Niri beka eman zidatenean, eurekin gogoratu nintzen eta iruditu zitzaidan, keinu bat egiteaz gainera, gaiari ikusgarritasuna emango ziola.

Uste duzu kasualitatea dela antzeko proiektu biri beka ematea?
Beti diot latsarriak ahazturiko ondarearen parte direla. Ez dira garrantzitsutzat jo, eta horregaitik daude gehienak abandonatuta. Horren ondorioz, hondatu egiten dira. Bere sasoian elementu funtzionalak ziren, eta ez bakarrik emakumeek euren lana egiten zutelako bertan. Han beste emakume batzuekin berbetako aukera zutelako ere bai. Garai hartan, emakumeek hiru aukera zituzten publikoan elkartzeko: mezan, merkatuan eta latsarrietan. Beraz, ondare kulturala izateaz gainera, gune hauek bazuten funtzio kulturala ere, eta istorio asko geratu da hor atzean. Lana egiten hasi nintzenean, asko harritu ninduen jendeak latsarriak ez ezagutzeak. Baina ez nire adin ingurukoek bakarrik; jende nagusiagoak ere ez zituen ezagutzen. Axolagabe jokatzen da latsarriekin, jada ez dutelako funtziorik. Barrenkalekoak etxeetako aterpeetan daudenez, etxe horietako jabeenak dira, eta horiek nahiko ondo eutsi diote denboraren joanari, baina beste batzuk okerrago daude.

Zelan konpondu zara elkarrizketatuekin?
Oso ondo. Beharbada, hasieran, deitzerakoan, ni ezezaguna izatera, apur bat abordatuta sentitzen ziren. Baina nik galderak egin ahala, lasaitu eta gauzak gogoratzen hasten ziren. Asko harritu egiten ziren, ez zuten ulertzen-eta zelan egon daitekeen nire adineko pertsona bat kontu hauei buruz galdezka. 'Zer interes izan dezakezu latsarrietan, jada ezertarako balio ez badute?' Erantzuten nien eurek uste zuten baino interesgarriagoa eta baliagarriagoa zela gaia. Lekukotza horiei eskerrak, San Faustoko eta Madalenako latsarriei forma eman ahal izan diet. Euren lekukotzarik barik, ez genuke inoiz jakingo zelakoak ziren.

San Faustokoez eta Madalenakoez gainera, badago besterik Durangon?
Durangoko mapa bat prestatu dut erakusketarako. Hamalau latsarri ageri dira mapa horretan. Honegaz ez dut esan gura horiek bakarrik egon zirenik. Horiek existitu zirela baino. Erakusketaren inaugurazio ekitaldian ere azaldu nuen, beka eman aurretik emakume batzuei elkarrizketa eginda nengoela. Gero, deialdia egin nuen, jende gehiago joateko, sarea handitu ahal izateko, izan ere, banekien emakume gehiagok ere ezagutzen zituztela latsarriak. Gustatuko litzaidake erakusketagaz ere berdina gertatzea, jende gehiago animatzea euren lekukotza ematera.

Berbaldiak emakume latsarien lana aitortzeko

Ikerketagaz aurrera egin ahala, Gastonek kide, datu eta gai interesgarriak ezagutu ditu. Gai horietan sakontzeko eta hausnartzeko, berbaldi sorta bat antolatu dute Arte eta Historia museoan. Urriaren 17an hasita, lau hitzaldi egingo dituzte. Lehenengoan, Sopuertako Gaurko Emakumeak elkarteko Mariefi Perezek berba egingo du; emakumeen ezkutuko lanari buruz arituko da. Hilaren18an, Isabel Mellen ikerlariak latsarrien garapenari buruz berba egingo du. 19an, mahai-ingurua egingo dute latsarriak ezagutu dituzten emakueekin. Amaitzeko, Estibaliz Gutierrezek emakume latsarien garrantziari buruz emango du hitzaldia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!