Eskola elikadura

Berton Bertokoak Italiako proiektu bat gonbidatuko du Bilbora, jangelak era publikoan kudeatzea posible dela erakusteko

Anboto 2022ko ira. 28a, 16:00

Dinamikako kideek Bilbon urriaren 3tik 5era egingo diren eskola jangelen nazioarteko topaketetan parte hartuko dute.

Berton Bertokoa dinamikak Bilbon egitekoak diren Gozo jardunaldietan parte hartuko du, eskola-elikadura osasungarria eta iraunkorra lantzeko nazioarteko topaketetan. Zehatz esanda, dinamikako kideek iazko maiatzean ezagututako proiektu bat eramango dute bertara: Italiako Sesto Fiorentino herrian (Florentzia, Toscana) martxan dagoen proiektua. Eskualde horren zati diren udalek eskola jangelen kudeaketa publikoa egiten dute. Sesto Fiorentinoko udal enpresak, adibidez, 7.000 menu eskaintzen ditu egunero, bertako ekoizleen produktuekin. Berton Bertokoa dinamikako kideek ispilu lez erabili gura dute Italiako adibide hori, eta horrelako kudeaketa bat Durangaldean ezartzea gura dute. "Horregaitik, Sesto Fiorentinoko enpresako zuzendaria gonbidatu dugu Bilboko jardunaldietan berbaldia eskaintzera. Eta aldi berean, alderdi politikoak eta ekoizleak gonbidatu ditugu berbaldia entzutera joan eta horrelako proiektuak posible direla ikusteko", adierazi du Alex Azpirik, Berton Bertokoa dinamikako kideak. 

Eskola-elikadura osasungarria eta iraunkorra lantzeko nazioarteko topaketa urriaren 3tik 5era egingo da Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran duen Bizkaia Aretoan. Jardunaldien informazio guztia gozo.eus atarian kontsultatu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!