Esperientzia "aberasgarria" izan dela dio eta Sesto Fiorentino herrian (Florentzia, Toscana) ezaguturikoa nabarmendu du: "Sesto Fiorentinokoa esperientzia aitzindaria da. Catering enpresa batek kudeaturiko eredutik udal kudeaketara pasatu dira. Hiriaren bueltako udalerriak ere proiektura batu dira eta gaur egun 8.000 menu eskaintzen dizkiete eskoletako umeei eskualdean, denak tokiko produktuekin". Eskualdeko 25 ekoizle eta kooperatiba arduratzen dira horretaz, nahiz eta badauden urrutiagoko ekoizleak ere. "Beste kontu bat ere badago. Proiektu hau martxan ipini baino lehenago, ikerketa bat egin zuten. Eskoletako menuak aztertu zituzten Italia osoan zehar, eta hor, Sesto Fiorentino zerrendako azken partean kokatu zen. Gerora, tokiko ekoizleekin eta kudeaketa publikoagaz garaturiko proiektu hau martxan ipini zenetik, Sesto Fiorentinoko eskola menua Italia osoko hamar onenen artean egotera pasatu da", azaldu du Azpirik.
"Borondate politikoa"
Atxondarrak eta Berton Bertokoa dinamikako kideek eredu hori gura dute Durangaldeko eskola publikoentzat. Baina, euren esanetan, "borondate politikoa" beharko litzateke horretarako. "Hango pleguetan, eskoletako menuak lizitatzeko pleguetan, gertuko produktuak saritzen dira. Hau da, 0-50 edo 50-100 kilometrora bitarteko elikagaiak erabiltzen dituzten enpresek puntuazio hobea izaten dute lehiaketa publikoan. Hemen ere horrelako neurriak eta pleguak ipintzea posible dela uste dugu, azken finean, Europako legedira egokitzen direlako Italiako zein hemengo legediak. Borondate politikoa badago, jangelen kudeaketa publikoa eta tokiko elikagaiak bateragarriak direla uste dugu", dio Azpirik.