Asteburuan Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatutako Espainiako Txapelketan hiru domina eskuratu dituzte Durangaldeko txirrindulariek. Barikuan ekin zioten lehiari txirrindulariek eta egun horretan bertan lortu zuen Ziortza Isasi elorriarrek lehenengo domina. Bakarko jazarpenean elorriarra bizkorrena izan zen eta nagusitasunez irabazi zuen. Bigarren domina, berriz, zapatuan lortu zuen Eustrak-Euskadi taldeko txirrindulariak. Kanporaketa proban hirugarren postua lortu zuen eta brontzezko domina irabazi zuen.
Illart Zuazubiskar abadiñarrak proba horretan bertan, kanporaketan, lortu zuen brontzezko domina. Eustrak-Euskadi taldeko txirrindularia hirugarrena izan zen Jaime Romero eta Mario Anguelaren atzetik.
Eustrak-Euskadi lehenengo UCIren taldekako rankingean
Bestalde, Durangaldeko Eustrak-Euskadi taldeak Nazioarteko Txirrindularitza Elkartearen (UCI) taldekako sailkapenean lehen postua lortu du, kilometro proban. Eustrak-Euskadi 2006an sortu zen eskualdean eta orduz geroztik munduko talde eta txirrindulari onenekin lehiatzen dabiltza taldeko txirrindulariak.