Pauso bat aurrera Berrizko belodromoa estaltzeko bidean

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 16a, 19:22

Mankomunitateko ordezkariek 351.000 euroko diru poltsa onartu dute belodromoa estaliko duen proiektua idazteko.

Bidea luzea izango da oraindik baina Mankomunitateak pauso berri bat eman du Berrizko belodromoak aterpea izan dezan. Arratsalde honetan egindako osoko bilkuran, ordezkariek 351.000 euroko diru partida onartu dute proiektua idazteko. Aterpeak azpiegituraren erabilera erraztuko du, bertan entrenatzen duten txirrindulariak hainbat bider kexatu dira-eta eguraldiak laguntzen ez duen egunetan sortu ohi diren egoerengatik. Horrez gainera, bertan BTT zentro bat zabaltzeko diru partida ere gehitu diote proiektuari.

Josune Escota ordezkari jeltzaleak adierazi du gobernu taldea beste erakundeekin negoziatzen ari dela, etorkizunean egin beharreko "obra guztia ez dezan Mankomunitateak beregain hartu". EAJk eta Abadiñoko Independenteek diru partidaren alde egin dute; EH Bildu eta Herriaren Eskubidea abstenitu egin dira. Ainara Otxotorena ordezkari subiranistak argudiatu du belodromoaren obrak "zalantza" sortzen diola koalizioari, "kostu handia" duelakoan eta BTT zentroa "premiazkoa ez" delakoan. Horrez gainera, Mankomunitateak 10.000 euro bideratuko ditu atletismo pistaren 40. urteurrena jasoko duen liburua editatzeko.

Adostutako aurrekontua "martxan ipintzeko" eskaria

Bestalde, EH Bilduk aurrekontu akordioan adostutako neurriak "martxan ipintzeko" eskaria egin dio Mankomunitateko gobernu taldeari. "Urte erdia igarota, aurrekontu akordioan adosturiko neurriak gauzatu barik daude", adierazi du Ainara Otxotorenak. EH Bilduk hiru ildo nagusitan oinarritu zuen aurrekontuak babestea: gizarte zerbitzuen kartera indartzearekin, hondakin organikoen bilketa bultzatzearekin eta udalek Mankomunitateari egiten dioten finantzaketa arintzearekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!