Durangaldeko lau talde arituko dira WOP Challenge proban, zapatuan

Joseba Derteano 2022ko eka. 10a, 13:30
Proban parte hartuko duen Tabirako Baque taldea.

Asteburu honetan, Wop Challenge erronkaren beste edizio bat egingo dute. Hamar-hamabi laguneko taldeek erreleboka egingo dituzte probako 19 etapak, 226 kilometro korrika. Lasterketak Bizkaia zeharkatuko du eta Bilbon amaituko da. 57 taldek parte hartuko dute eta euretariko lau Durangaldekoak dira. Erronkaren aurrean gogotsu daude.

Iaz lehia sanoa izan zuten herri bereko talde bik: Motozain eta Taberna Zarra taldeek. Aurten jende gutxiago dutenez, indarrak batu dituzte eta Motozain izenagaz arituko dira. Hamabi laguneko taldetik hiru edo lau berriak dira. Aldaketak aldaketa, iazko mailan aritzea dute helburu, Jon Mendizabal taldekidearen esanetan.


Motozain taldea, iaz; argazkiko batzuek parte hartuko dute aurten.

Kortesia taldea Zornotzako sei lagunek, Mungiako bik, eta Larrabetzuko eta Arrasateko banak osatzen dute, eta badakite Wop Challenge amaitzea zer den. Batzuek ultratrailak egiten dituzte, beste batzuek trailak… "Orokorrean, kirolagazko eta mendiagazko pasioa dugun lagun talde bat gara", dio Jesus Bodas taldekideak. Bodasek berak 15 urte daramatza mendiko bizikletako probetan, eta 6 trailetan. Taldeka, bizikleta gainean ere aritu izan dira erreleboka, orain lau urte Donostia-Bartzelona Powerade proba egin zuten eta. 


Zornotzako Kortesia taldea.

Eskualdeko gainerako talde biak berriak dira eta ez dute esperientziarik proba honetan. Elorrioko Bikale Taberna taldea da euretariko bat. "Iaz lasterketa honetan giro itzela zegoela ikusi genuen eta orduan sortu zitzaigun parte hartzeko ideia", adierazi du Itsasne Larruskain taldekideak. Zenbait kuadrillatako lagunak batu dira, batzuk kirolariak eta beste batzuk kirolari izandakoak. "Parte hartzea eta esperientzia on bat bizitzea da gure helburua", Larruskainen esanetan.

Laugarren taldea, Tabirako Baqué, saskibaloi klubeko entrenatzaileek, jokalariek, jokalari ohiek eta Hilario Pérez presidenteak osatzen dute. Joseba Arkarazo entrenatzailearen ekimenari eskerrak sortu da taldea, eta bera da sustatzaile nagusia. "Gure helburua amaitzea eta ondo pasatzea da", adierazi du Ainhoa Baqué taldekideak.

Beste sei taldetan ere eskualdeko kideak arituko dira, nahiz eta ez diren hemengo taldeak, antolatzaileek emandako datuen arabera.

WOP Challenge Erronka WOP proiektuaren barruko egitasmoa da. Batzen duten dirua gaixotasun neurodegeneratiboetara bideratzen dute

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!