"Tabirakoko filosofia gurasoengandik jaso nuen, barru-barruan eraman dut eta gazteei transmititzen ahalegindu naiz"

Joseba Derteano 2022ko mai. 29a, 10:30

Umetan Jesuitetan jokatu zuen eta, harrezkero, Tabirakon egin du bere ibilbide osoa. Talde nagusiko erreferenteetariko bat izan da hamarkada batean. Baina orain agur esateko sasoia heldu zaio eta ligako azken partiduan omendu egin zuten. 

Zergaitik hartu duzu saskibaloia uzteko erabakia?
Arrazoi nagusia lan kontuak dira. Txandaka lan egiten dut eta lana entrenamenduekin eta partiduekin uztartzea gatxa izan da. Hiru urte daramatzat horrela. Saskibaloiak asko esan gura du niretzat, baina, azkenerako, nekatu egiten zara. Pozik uzten dut saskibaloia, ez nago nekatuta, baina ordua zen. 

Azkenengo partiduan omenaldia egin zizuten. Itxaroten zenuen moduko eguna izan zen?
Ez nuen espero eta oso hunkigarria izan zen. Zenbat negar egin nuen! Nire familia, lagunak, nigaz jokatu izan duten jokalariak, gaur egungo jokalariak… Eurak emozionatuta ikusten nituen eta horrek neu emozionatzen ninduen. Berezia izan zen. 

Jokalari lez ezin bada, entrenatzaile lanetan jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Gazteagotan talde bat entrenatzen aritu nintzen, baina ikusi dut ez dela nire bokazioa. Niri jokatzea gustatzen zait. Kiroldegira joaten eta animoak ematen jarraituko dut, baina kantxa barrukoa amaitu da.

Taldeko lider bat izan zara. Zure hutsunea asko igarriko dela uste duzu?
Adin bereko lau jokalarik urte dezente eman dugu elkarregaz: Gorane Urainek, Mirari Aldekoak, Ane Garitaonandiak eta laurok. Nik utzi ostean, laukote horretatik Gorane geratzen da orain. Bera ere lider bat da eta seguru nago lan bikaina egingo duela. 

Zelako taldea uzten duzu?
Talde batu bat uzten dut, adin askotako jokalariak dituena. Gazteenetik nagusienera ia hamar urteko aldea dago. Nagusiek gazteenei irakasten diete, horrela izan da beti. Beste ezaugarri bat da ez dagoela besteen gainetik dagoen izar bat. Jokalari bakoitzak bere trebetasunak ditu. Jokalari batek bere egunik onena ez badu, beste norbaitek hartuko du erantzukizuna. Bata bestearengan babestu daiteke. Kantxatik kanpora kuadrilla bat gara; bazkariak, afariak… denerik egiten dugu. 

Zeren falta igarriko duzu gehien?
Taldekideen arten izan dugun giroaren falta. Kiroldegira heldu, aldageletara sartu, eurekin berbetan hasi eta deskonektatu egiten nuen. Kantxa barruan, ostera, gorputza nekatzearen falta. Gero, etxera heldu eta erlaxatuta sentitzen nintzen. Terapia modura balio zidan. 

Eta hori guztia zegaz ordezkatuko duzu?
18 urte eman ditut astebururo partiduetara eta astegunetan entrenamenduetara joaten. Ez dakit zegaz ordezkatuko dudan, egia esanda.

Ez ei da ona gustuko ezer bat-batean uztea.
(Barreak). Eta horixe da nire estrategia. Liga amaitu dugu, baina oraindino denboraldi osteko entrenamenduekin jarraitzen dugu. Udara arte entrenatzen jarraituko dut. 

Aita, Emilio Baqué, Tabirakoko jokalari, entrenatzaile eta erreferente izan zen; Ama, Laura Atxotegi, Tabirakoko jokalari mitikoa izana da. Tabirakoko sentimendua haiengandik datorkizu?
Bai, umetatik ez neukan dudarik saskibaloian jokatu gura nuela. Jaio nintzenean, Tabirakoko jantzia erregalatu ziguten. Oraindino hantxe daukat, gordeta. Tabirakoren filosofia gurasoengandik jaso nuen, barru-barruan eraman dut eta taldekideei transmititzen ahalegindu naiz. 

2016an irabazitako Lauko Finala izan da kantxa barruan bizi izan duzun unerik gozoenetariko bat?
Bai, Leire Intxaustik azken segundoan sartu zuen saskiratze hura partidua bigarren luzapena jokatzeko… Landako Kiroldegia goraino beteta… Oso oroitzapen ona dut. Hainbeste partidu jokatuta hainbat momentu on bizitzeko aukera izan dut. 

Zu jokalari gazteen erreferentea izan zaren moduan, zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Nire erreferente askogaz jokatzeko zortea izan dut. Marina eta Nuria Maurtuagaz, Alaia Berganzagaz, Marian Fernandezegaz, Miren eta Matxalen Mancisidorregaz… Nik gazteei erakutsi diedana eurengandik ikasi dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!