Bizi baldintza duinen alde aterpea bilatu guran

Aritz Maldonado 2022ko mai. 27a, 09:30
LABeko kide biak Durangoko epaitegi aurrean babestu zituzten.

Ekainean zehar Durangaldeko bost lagun epaituko dituzte zenbait protestatan parte hartzeagaitik. 

Bizitza ohiko erritmoa berreskuratzen ari den honetan, kaleek ere trintxera izaera berreskuratu dute. Martxoaren 8an morez, eta maiatzaren 1ean gorriz; Abiadura Handiko Trenaren aurkako oihuak Irazolan, eta gaztetxearen aldekoak Durangon; joan zen asteburuan ere, milaka lagunek Donostiako kaleak bete zituzten euskararen alde. Irudi desatseginak ere itzuli dira berriro: greban zeudela, Tubacexeko langileek hainbat liskar izan dute Ertzaintzagaz, eta Gasteizen, ikasle greba batean, 34 lagun atxilotu zituzten; tartean, Durangoko gazte bat. Hain zuzen ere, halako protestetan parte hartzeagaitik Durangaldeko bost lagun epaituko dituzte ekainean zehar. Epaituei babesa agertzeko eta "bizi baldintza duinen alde antolatzen eta borrokatzen direnen aurkako jazarpena" salatzeko, Ernaik manifestaziora deitu du. "Gurea bezalakoak ez dira kasu isolatuak. Mugimendu sozialetako kideok bizi baldintza hobeak eskatzera irteten dugu kalera, eta jazarpen bortitza jasotzen dugu Ertzaintzaren aldetik. Ez da Ernairen kontrako kontu bat, militantzien kontrakoa baino. Ikusi ITPren kasua, adibidez", azaldu du Martin Loizate Ernaiko kideak. Ernai gazte antolakundeak iaz antolaturiko mobilizazioetan parte hartu eta gero, eskualdeko hiru gazte atxilotu zituzten; tartean, Loizate bera. Ekainaren 15ean epaituko dituzte, beste lau gazte bizkaitarrekin batera. 

Bestalde, ekainaren 7an, Aitor eta Arkaitz (abizenik ez publikatzea eskatu dute) LAB sindikatuko Durangaldeko kideak epaituko dituzte. Bakoitzak 23 hilabeteko kartzela zigor eskaerari aurre egin beharko dio. 2019an Bizkaiko Metalgintzaren lan itunaren harira egindako protestetan atxilotu zituzten. "Ez dira momentuko kolpeak eta atxiloketa, eta espetxe zigor eskaera bakarrik; 2019ko gertakari batzuk 2022an epaituko dituzte, eta horrek ere zama psikologiko bat suposatzen du", adierazi dute. Espetxe zigor eskaerez gainera, eurentzat zigor ekonomikoa ere eskatuko dutelakoan daude, ziur ez badakite ere.

Metalaren greba, mugarri
Iazko abenduaren 31n amaitu zen lan itun hori, eta hasi dira lan itun berrirako negoziazioak. "Lan itun sektorialik garrantzitsuenetarikoa da metalarena, izan ere, 50.000 familia ingururi eragiten die. Durangaldean bertan ere eragin handia du. Aurreko negoziazioetan oso gogorra izan zen tirabira, eta hainbat urtez izoztuta egon eta gero, lan ituna berreskuratzea lortu zen. Egindako borrokari eskerrak izan zen hori", azaldu dute sindikatuko kideek. Maiatzean lan hitzarmena negoziatzeko plataforma bateratua sortu dutela iragarri dute ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk. "Aurrekoak baino negoziazio bizkorragoak espero ditugu, baina aurrekotik ikasi dugu borroka egin ezean ez dela ezer lortuko", gaineratu dute. Bestalde, Araban greba eta mobilizazioak egin dituzte aste honetan.

LABeko kideen berbetan, metalgintzan antolaturiko mobilizazio horiek mugarri bat izan ziren. "Aspaldian Euskal Herrian ikusi bako irudiak ikusi ziren, eta, zoritxarrez, gerora errepikatu direnak; lehenengoz, Jaurlaritzak Ertzaintza erabili zuen arlo laboralean eragiteko. Kargak, atxiloketak, inputazioak... multa mordo bat ere ailegatu da", salatu dute sindikatuko kideek. Ordutik, hainbat mobilizaziotan errepikatu dira antzerako irudiak, bai lan gatazketan baita bestelako protestetan ere. 

Babes zabala
Epaiketa hauek salatzea euren jarduna defendatzeko modu bat dela uste dute epaituek. "Ernaiko kideek antzerako aldarrikapenak egin dituzte eta eurak ere epaitu eta zigortuko dituzte. Helburu berdinagaz ari gara lanean, eta guk jaso dugun babes berdina jasotzea dagokie eurei ere", azaldu dute LABeko kideek. Hain zuzen ere, plataforma bat sortu zuten sindikalista biak babesteko.

Ernaiko kideak babesteko ere ekimen ugari egin da azken asteetan Euskal Herrian. Zaldibarren elkartasun kontzertua egin zuten maiatzaren 20an, eta mahai-inguruak ere egin dituzte antzerako kasuak bizi dituzten eragileetako kideekin; Tubacex enpresako langileak, Iruñerriko mugimendu feministako kideak eta SOS Arrazakeriako kideak izan dituzte bidelagun, besteak beste. "Gure alea mahai gainean ipini gura izan dugu. Ez da bidezkoa horrelako jazarpen kasuak bizi behar izatea guztiontzako bizitza baldintza duinak eskatzeagaitik", azaldu du Martin Loizatek. "Ekainaren 4ko mobilizazioagaz ez dugu gure kasua salatu gura bakarrik: kasu konkretu honez gainera, antzerako prozesuak bizitzen ari dira mugimendu feministako kideak eta hainbat lan gatazkatako langileak, besteak beste Durangaldeko metalgintzako langileak. Pertsona arrazializatuek sufritzen duten jazarpena ere salatu gura dugu. Problematika horiek mahai gainean ipini behar dira. Bizitza duinen aldeko aldarria kriminalizatzen bada, ekinean jarraitu behar dugu borroka horietan. Gure iritziz, merezi du bizi proiektu burujabeen alde antolatzea, eta horregaitik hartuko ditugu berriro kaleak Bilbon", nabarmendu du Pello Zabarte Ernaiko kideak.

2019an metalgintzak egindako mobilizazio bateko irudia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!