"Matematikek ezetz esan arte borrokan jarraituko dugu"

Anboto 2022ko mai. 18a, 13:32
Lander Olaetxea Amorebietako jokalaria.

Karanbola asko eman behar dira Amorebietak Bigarren Mailari eutsi ahal izateko, baina Lander Olaetxea jokalariak esperantzari eusten dio.

Amorebietak Lezaman jokatu dituen azkenengo lau partiduak irabazi ditu. Azkena joan zen asteburuan: 1-0, Huescaren kontra. Bolada horri esker, oraindik mailari eusteko esperantzari eusten dio. Zapatuan, 20:00etan, Cartagenaren zelaia bisitatuko du. Amorebietak nahitaez irabazi behar du; berdinketa edo porrot batek Bigarren B Mailara bidaliko luke.

Zoritxarrez irabaztea ez da nahikoa. Malagaren eta Xixongo Sportingen emaitzen menpe ere badago Amorebietaren etorkizuna. Talde biak bost puntu goitik daude eta sei puntu geratzen dira jokoan. Azken jardunaldira bizirik jarraitzeko Sportingek galtzea edo Malagak asko jota bere partidua berdintzea behar du Amorebietak.

Azkenean bi taldeetako batekin puntuetara berdinduko balu, honela daude kontuak. Sportingen kontrako averagea galduta du. Lezaman bana berdindu zuen eta Molinenen 2-1 nagusitu ziren asturiarrak. Malagaren kontrako averagea, aldiz, aldekoa da momentuz. Elkarren kontrako partidu bietan emaitza berdina eman zenez (2-1), aldeko eta kontrako golak begiratu behar dira. Horretan, zornotzarrek lau goleko abantaila dute: Amorebietak 43 gol sartu eta 58 jaso ditu; Malagak 36 sartu eta 55 jaso ditu. Okerrena da Malagaren azken aurkari biek, Burgosek eta Lugok, ez dutela ezer jokoan.

Ekuazio horietan Real Sociedad Bk ere badu zeresana. Amorebietaren antzera, donostiarrek ere bost puntura dute salbazioa eta seguru ez dutela amore emango.

Garbi esanda, Amorebietak mirari txiki bat behar du mailari eutsi ahal izateko. Zenbaki eta egoera askok bat etorri behar dute. Baina besterik ez dagoenez, esperantza horri eusten diote jokalariek. "Matematikek ezetz esaten duten arte, guk borrokan jarraituko dugu. Cartagenan hasieratik hiru puntuen bila irten behar dugu, horretan bakarrik pentsatuz. Gero besteen emaitzen zain egon beharko dugu", adierazi du Lander Olaetxea Amorebietako jokalari abadiñarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!