Zornotzak igoeragaz erantzun gura dio klubetik egindako apustuari eta Zaldua lehenengoz igo daiteke bere ibilbidean

Joseba Derteano 2022ko mai. 6a, 12:00

Zornotza eta Zaldua saskibaloi taldeek modurik onenean amaitu dezakete denboraldia: mailaz igota. Hori gutxi balitz, etxean jokatuko dituzte Lauko Finalak. Kiroldegiak jendez betetzea eta zaleen hauspoa sentitzea itxaroten dute klub biek.

Zornotzak Bilboko Berriotxoaren kontra jokatuko du finalerdia, zapatuan, 16:00etan, Ixerbekoan. Ostean, Askartzak eta Deriok neurtuko dituzte indarrak. Finala domekan izango da, 12:00etan. Irabazleak Bizkaiko liga nagusitik Euskadi mailakora salto egingo du. 

Azkenaldian, emakumeen saskibaloia sustatzeko ahalegin berezia egiten dabilza Zornotzako klubetik. "Apustu sendoa egin dute eta gugan ipinitako konfiantzari erantzun gura genion. Normalean baino entrenamendu saio gehiago egin dugu, domekaren batean ere bai, eta horrek asko lagundu digu", adierazi du Paule Portilla jokalariak.

Ia jokalari denak zornotzarrak dira. Harrobiaz gainera, beste klub batzuetan zebiltzan zornotzarrak berreskuratu dituzte. Portilla da euretariko bat. Iaz Galdakaoko Ibaizabalen aritu zen, askoz gorago, saskibaloiko Bigarren Mailan, baina aurten etxera bueltatzea erabaki du "saskibaloiaz gozatzera". Klubetik egindako apustuaren beste adibide bat Josema Alcantara entrenatzailearen fitxaketa da. Ibaizabalen aritu da eta esperientzia handia du goragoko mailetan.

Zaldua "sorpresa atsegina"
Zalduak Portugaleteren aurka jokatuko du finalerdia, zapatuan, 17.00etan, Zaldibarko kiroldegian. Bigarren finalerdia Santutxuren eta Urdanetaren artekoa da. Finala domekan izango da, 12:00etan. Irabazlea Bizkaiko Bigarren Erregionaletik Lehenengo Erregionalera igoko da. 

Zaldibarren iaz berreskuratu zuten emakumeen taldea eta entrenatzaile ikastaroa amaitu berri duen Oscar Sanchezek lehenengoz hartu du talde senior baten gidaritza. Esperientzia gutxigaz izan bada ere, sekulako errendimendua eskaini dute, liga osoan partidu bakarra galduta. "Hainbeste partidu irabaztea sorpresa atsegina izan da", dio urte askoan mutilen taldean jokatu duen Sanchezek. Fitxaketek taldearen maila igo dute eta Iscander de Dios bigarren entrenatzaileak "asko" lagundu die taktikoki hobetzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!