Ipuin kontalariak eta liburu sorpresak Liburuaren Nazioarteko Egunean

Anboto 2022ko api. 20a, 12:15

Abadiñon ipuin kontalarien saio bi egingo dituzte. Zornotzan liburu sorpresak ipiniko dituzte eskuragarri, opari paperean bilduta.

Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Durangaldeko hainbat herritan egitasmoak ipini dituzte martxan. Abadiñon, adibidez, ipuin kontalariak eta saio ludiko-praktiko bat egingo dute. Ohiana Etxegibelek 4-5 urte bitarteko umeentzako ipuin kontalaritza saioa eskainiko du apirilaren 27an. Mediatekan izango da, 17:30etan. Gonbidapena jasotzeko astelehenean, hilaren 25ean, mediatekara jo beharko da. Bestalde, Udalak jakinarazi du datorren ikasturtean Liburu Baby Kluba ipiniko duela martxan, umeen irakurzaletasuna sustatzeko programa berria. Hori aurkezteko saio ludiko-praktiko bat egingo dute apirilaren 26an, 17:15ean Txanportan.

Liburuak opari Zornotzan

Zornotzako Udal Liburutegiak erakusmahai bat beteko du liburuekin. Liburu guztiak opari paperarekin bilduta egongo dira, eta liburu bat hartzera animatzen den herritarrak ez du jakingo zein obra eramango duen etxera. "Helburua da, sorpresa izaeraz baliatzea, herritarrek beraiek aukeratuko ez luketen liburu bat eramateko", adierazi dute udal iturriek. Egitasmoa apirilaren 23an egongo da martxan, Udal Liburutegian.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!