Durangaldetik Ukrainara begira

"Oso kezkatuta gaude; edozein ekarpen ondo etorria da"

Joseba Derteano 2022ko mar. 2a, 13:23

Vasyl Savchuk eta Valentina Androshchuk Durangoko bilketa gunean.

Durangaldeko ukrainar komunitateak kezka handiz bizi du bere herrialdeko egoera. Euretako hainbat elikagaiak eta askotariko materiala biltzen hasi da eskualdean. Momentuz bilketa-gune bat martxan dago Durangon. Abadiñon zapatutik aurrera hasiko dira.

Durangoko bilketa gunea Juan de Olazaran kaleko 17. zenbakian dago. Madalena auzo elkarteko kideen bidez lortu dute lokala. 10:00etatik 14:00etara, eta, 17:00etatik 21:00etara dago zabalik gaurtik aurrera.

Abadiñoko lokala Muntsaratz auzoan dago, Andra Mari kaleko 3. zenbakian. Zapatutik aurrera egongo da martxan ordutegi honetan: 10:00etatik 14:00etara, eta, 16:00etatik 18:00etara.

Ukraina-Euskadi garapenerako kooperazio elkarteak abiatu du ekimena. Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat bilketa puntu daude. Baina puntu berriak sortzeko nahitaezkoa da tokian tokiko jendearen boluntario lana. Horrela sortu dira eskualdeko gune biak. Bertako jendeak mobilizatu delako sortu dira. Noizerik noizera material guztia hiriburuetara eramango dute eta handik Poloniarantz irtengo da, kamioiz. Han, mugaldeko giza korridore batetik sartuko dute materiala barrura eta hainbat erakunderen bidez banatuko dute beharrik handieneko tokietara.

"Ezin nuen geldirik geratu"

Valentina Androshchuk ukrainarra da eta 17 urte daramatza Durangon bizitzen. Lanak ahalbidetu dionean, bilketa gunera joan da laguntzera. "Egoera honen aurrean ezin nuen geldirik gelditu. Zerbait egin behar nuen. Izututa eta oso kezkatuta gaude eta edozein laguntza ongietorria da", adierazi du.

Valentinaren gurasoak eta arreba Kiev hiriburutik 150 kilometrora dagoen herri batean bizi dira. "Gune militarra da. Joan zen eguenean misilak bota zituzten aireportura, herritik kilometro bira. Atzo ere misilak erori ziren herritik gertu", dio. Etxearen azpian aterpe bat dute gurasoek eta han ezkutatzen dira.

Bere lagun batzuk Kiev hiriburuan daude. "Sotoetan daude. Janaria prestatzera etxera igotzen dira eta sirena hotsak entzuten dituztenean arineketan jaisten dira berriro sotora". Lagun bat Kieveko eskola batean dago. Hainbat ume dago han. "Nagusiak sotoan daude, baina han hotz egiten du eta umeak goiko pasilloetan egoten dira. Han behintzat oheak dituzte. Egoera negargarria da", dio.

"Gerra da eta ez dakizu zer gerta daitekeen"

Goizean goizetik hainbat ukrainiar Durangoko lokala txukuntzen aritu da. Vasyl Savchuk da euretako bat. 13 urte damaratza Traña-Matienan bizitzen eta lanean. Hemen ateratako dirua senitartekoei bidaltzen die. Bere emaztea eta alaba biak Ternopil hiri inguruan bizi dira, Ukraina mendebaldean. Momentuz zonalde hartan ez da gatazkarik gertatu, baina Vasyl arduratuta dago. “Oraingoz ez dago militarrik han, baina gerra bat da eta sekula ez dakizu zer gertatu daitekeen”, azaldu du. Egoera "kezka handiz" bizi duela dio eta familiagaz sarritan berba egiten saiatzen dela.

ZER BATZEN DUTE?

  • Behar beharrezko materiala: Higiene produktuak, haur-oihalak, esne-hautsa…
  • Hotzaren kontrako materiala: Arropa termikoa, eskularruak, galtzerdi termikoak, neguko arropa, lo-sakuak, gorputz-berotzaileak, metxeroak, pospoloak, argizariak, linternak, pilak…
  • Elikagaiak: Latak, energia-barrak, zerealak, kafea, azukrea eta iraungitzen ez diren elikagaiak eta azkar prestatzen direnak.
  • Bestelako materiala: Hesgailuak, gasak, larrialdi kita, musukoak, medikamentuak (Ibuprofeno, Paracetamol, analgesikoak, apositoak…)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!