Zelan otu zitzaizun Senegalen eskolak sortzeko ideia?
Gure familian zazpi neba-arreba gara. Anaia gazte batek medikuntza ikasketak egin zituen eta ezin zuen lanik aurkitu. Europara etorri gura zuela esan zidan behin. Nik uste nuen bere jakintza hango bizimodua hobetzeko erabili ahal zela. Horrela sortu zen Darou Thioub herrian eskola sortzeko ideia. Anaia da eskolako zuzendaria.
Zenbat ikasle daude gaur egun?
2015ean 97 ikaslegaz hasi zen martxan. Urtero hazten joan da eta gaur egun 600 bat ikasle daude. Lau gelagaz hasi ginen eta gaur egun 14 gela daude. Horregaitik behar dute materiala.
Zelako garrantzia du han eskolak sortzeak?
Begira, Europara bidean ume asko hiltzen dela ikusita, bihotza erdibitu egiten zait. Senegalen eskolak sortuta, hango gazteei hezkuntzarako aukerak eman gura dizkiet, ez dezaten atzerrira joan beharrik izan. Kontua ez da gazteek ez dutela ikasi gura, horretarako aukerarik ez dutela baino. Euren familia elikatu ezinik dabiltzan gurasoek zelan erosiko diete koaderno bana seme-alabei? Horregaitik da garrantzitsua eskola materiala batzea eta antzeko ekintzak egitea. Kulturarik ez duen herria galtzeko bidean dago eta hezkuntza da irtenbidea. Afrika husten ari da eta hori ez da ona. Gazterik geratzen ez bada, nork lan egingo du etorkizun hobe baten alde?
Non aurkitu duzu dirua proiektua gauzatzeko ?
Hemen irabazten nuenaren zati bat hara bidaltzen nuen. Euroak, trukean, gehiago balio du han. Hango eskola auzolanean eraiki zuten.
Madalenako Auzo Alai elkartean aurkitu duzu asmoa gauzatzeko sostengua.
Bai. Ideia proposatu nien eta oso ondo iruditu zitzaien. Talde lanari eskerrak eraman dugu aurrera. Materiala toki askotatik lortu dugu: San Antonio ikastetxetik, Iurretako institututik, Landako eskolatik, Tabirako klubetik, Open gimnasiotik, Mankomunitatetik eta abar. Hainbat lagunek biltegiak utzi dizkigute materiala gordetzeko. Eskerrak eman gura dizkiegu denei.
Bizikletak ere batu dituzue. Zergaitik?
Ume askok kilometro asko egin behar dituzte egunero eskolara joateko. Nik txikitan zazpi kilometro egin behar izaten nituen eskolara joateko, eta beste hainbeste bueltatzeko. Badakit hori zer den. Pozik gaude, guztira 160 bat bizikleta batu ditugu eta.
Honako hau ez da sortu duzun eskola bakarra.
Ez, bigarrena da. Lehenengoa 2001 inguruan sortu genuen, nire herrian, Cucumba-n. Hura ere martxan da gaur egun.