Martxoak 8

“Mugimendu lodiaktibistak obesitatea sustatzen duela diote batzuek, baina ez da egia; gizartearen presioak bai eragiten du buruko osasunean”

Aritz Maldonado 2022ko ots. 28a, 09:00

Malen De la Fuente elorriarrak lodifobiari buruzko berbaldia eskainiko du martxoaren 5ean. Aurretik ere eskaini ditu gaiari buruzko berbaldiak, Iurretan eta Elorrion. De la Fuente gizarte hezitzailea da eta lodifobiaz ez ezik, edertasun kanonez eta aurreiritziez aritzen da hitzaldietan. Berbaldiak ahalik eta parte hartzaileenak izan daitezen ahalegintzen da beti. "Lodifobia bizipenen bitartez aztertzea dut gustuko; komunikabideetan dauden estereotipoak aztertu eta parte hartzaileon bizipenekin lotuta", azaldu du De la Fuentek.

'Lodifobia azaleratzen' da berbaldiaren izenburua. Zelakoa izango da?
Aurretik ere eskaini izan ditut halako berbaldiak. Lehenengoa, Iurretan egin zen feministaldian. Jendeak parte hartu dezan bideratzen ditut hitzaldiak, eta egunerokotasuneko bizipenekin ahalegintzen naiz jendeagaz konektatzen. Hau da, bizipen horiekin lodifobia bera aztertzen ahalegintzen naiz. Komunikabideetan agertzen diren estereotipoen bitartez ere ahalegintzen naiz aztertzen eta bizipenekin lotzen. Izan ere, telesailetan ikusten duguna errealitatearen ispilua da sarritan. Funtsean, testuinguru teoriko bat azalduko dut, eta, horren ostean, bizipen lodifobikoak partekatuko ditugu. Askotan, eztabaidak sortzen dira horrelakoetan, eta ideia horiek batuta ondorio interesgarriak ikusten dira. Arakatzen hasita, joera edo egoera pila bat normalizatuta daudela konturatzen zara; adibidez, gainerakoen pisuari buruz berba egitea, edo besteen gorputzei buruz berba egiterakoan.

Zer da lodifobia?
Gorputz lodia izateari diogun beldurra, bazterketa eta intolerantzia. Baina lodifobiak ez dio bakarrik pertsona lodiari eragiten; argal daudenek argal jarraitzeko presio hori dute. Loditzeko beldurrak hainbat erabaki dakar atzetik; esate baterako, gauza batzuk jatea edo ez jatea.

Lodifobiak eragin handiagoa du emakumeengan?
Lodifobiak genero guztiei eragiten die. Hala ere, gaiari buruz berba egiteko, beharrezkoa da espazio ez-mistoak sortzea, emakumeoi modu desberdin batean eragiten digu eta. Azken finean, kontrol mota bat delako. Dieten bitartez inposatzen diguten edertasun ideal baten menpe bizi gara. Edertasun ideal hori, gure kasuan mendebaldeko kanonen araberakoa dena, burgesiatik eta gizonezkoen nahietatik sorturikoa da; kultura bakoitzak bere edertasun ideala du, eta bakoitzean edertasun ideal bat goraipatzen da, eta garai bakoitzean ere gorputz desberdinak goraipatu izan dira. Kapitalismotik dator, gorputz lodia inproduktibitateagaz lotzen delako, nagitasunagaz. Gorputz lodia duen pertsona inproduktibotzat hartzen da, nagitzat. Lodiok dugun estereotipoetariko bat da, aurreiritzi hutsa, baina beste edozein gorputz mota duena bezain produktiboa izan daiteke. Kapitalismoak beharrezkoak ditu gorputz produktibotzat dituenak; eta besteak baztertu egiten ditu.

Ez da estereotipo bakarra. Gure gizartean, kristautasunak sekulako eragina izan du, betidanik. Honen arabera, gehiegikeria eta nagitasuna txarto ikusita daude eta gorpuzkera lodiak bi lotura zuzena du 'pekatu' bi horiekin. Kristautasunak moralki zer dagoen ondo edo zer txarto epaitzen du, eta kasu honetan loditasuna moralki ere txarto ikusita dago. Sexualitateari buruz ere aurreiritziak daude gizartean. Gorputz lodiak zatar ikusten dira, eta, horri lotuta, pertsona lodiei ukatu egiten zaie hartu-eman afektiboak eta sexualak edukitzea, 'zatarrak' direlako. Edertasunaren kanon horietatik kanpora geratzen direnek ez dute halakorik merezi. Kontrako puntuan, fetitxismoa legoke. Pertsona lodiak objektu sexual lez ikusi daitezke, erakarri arren, sexurako bakarrik ikusten direlako. Hau da, tabu bat dago gai horren inguruan. Pertsona lodiak txarto ikusita daudenez, eurekin harremanak izatea ere txarto ikusia dago, jakina.

Horrez gainera, askok osasunaren aitzakia hartuta kritikatzen dituzte pertsona lodiak. Baina, zein punturaino ardura du osasunak hor? Gizartearen presio horrek eragin zuzena duelako osasun mentalean. Mugimendu lodiaktibistak obesitatea sustatzen duela esaten dute batzuek, baina hori ez da egia. Gizartearen presioak, ostera, bai eragiten du. Autoestimu arazoak eragiten ditu, besteak beste. Adibidez, badaude kasuak non depresio baten ondorioz argaldu den pertsona zoriondu egiten den. 'Zein guapa zauden' esaten zaio, adibidez, baina hori ez da ona. Eztabaida hor dago, eta osasunaren aitzakia hartuta, mugimendu lodiaktibista isilarazten ahalegintzen dira.

Kontziente gara gure jarrera lodifobikoez?
Gradu amaierako lana egin nuenean, jarrera lodifobikoei buruzko inkesta bat egin nuen Elorrion. Jendeak zioen pertsona lodiak baztertu egiten zirela; jendeak onartzen du bazterketa hori existitzen dela, eta, beraz, badago horren kontzientzia maila bat. Baina bazterketa hori nondik datorren ez dute hain argi, ez da gaian sakontzen, jendea deseroso dago eztabaita horretan. Inkesta hori lagin bat baino ez da. Lodifobia kontzeptu lez ere nahiko berria da. Ni neu COVID sasoian hasi nintzen gai horri buruz irakurtzen. Pentsa, Gizarte Hezkuntza ikasi dut, baina esango nuke berandu deskubritu dudala gaia. Nik neuk ere sufritu dut lodifobia, baina orain arte ez dut berbarik ezagutu zapalkuntza hori izendatzeko. Gertatu direnak ez direla kasu isolatuak izan ulertzen laguntzen du horrek.

Zer egin dezake norbanakoak jarrera lodifobikorik ez edukitzeko?
Gaiari buruz berba egitea beharrezkoa da kontzientzia bat edukitzeko. Horretarako, adibidez, beharrezkoa da lodi berbari karga negatiboa kentzea. Berba deskriptibo bat da, eta askotan irain modura erabili izan da. Horrelako detaile txikiekin hasita, eta behin kontzientzia hartuta, gauza handiagoak ere lortu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!