Eskola elikadura

Jantokietako elikagaien kudeaketa tokiko erakundeekin koordinatuta egitea defendatu du Berton Bertokoak

Ekaitz Herrera 2022ko ots. 24a, 20:30

Dinamikako kideak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batu dira. Jantokietako menuak udaletxeekin eta tokiko ekoizleen produktuekin koordinatuta diseinatu daitezkeela berretsi du dinamikak.

Berton Bertokoa dinamikako kideak Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Sailagaz eta Hezkuntza Sailagaz batu dira asteon. Eskuartean duten proiektua ipini dute Eusko Jaurlaritzaren mahai gainean: sukaldea duten (eta izango duten) Durangaldeko ikastetxe publikoetan bertako eta sasoiko produktuak sartzen joateko proiektua. Dinamikako kideek jakinarazi dutenez, Jaurlaritzak oniritzia eman die proiektuak jasotzen dituen lau proposamen nagusietako hiruri. "Jaurlaritzak begi onez ikusten du jantokiaren kuotak guraso elkarteek barik eskolak kobratzea; ontzat eman du jantokiko beharginak eta hezitzaileak guraso elkarteek barik katering enpresek kontratatzea, eta oniritzia eman dio sukaldariak Hezkuntza Sailak kontratatzeko proposamenari", jakinarazi dute dinamikako kideek.

Baina laugarren puntu bat da, oraingoz, airean dagoena: Ikasleen bazkariak egiteko erosi beharko liratekeen elikagaiei dagokiena. Berton Bertokoak proposatzen du elikagaien erosketa eta kudeaketa tokiko erakundeen bitartekaritzagaz egin beharko litzatekeela. Durangaldeko udaletxeen bitartekaritzagaz eta bertako ekoizleekin koordinatuta egin beharko litzatekeela iritzi dio, modu horretan, ikasleek jaten dutena eskualdekoa eta tokiko ekoizleek ekoitzirikoa dela bermatzeko. Baina dinamikako kideek diotenez, Eusko Jaurlaritzak "zalantzak" agertu ditu puntu horretan. Berton Bertokoak defendatu duenez, "badira aukera juridikoak" elikagaien erosketa tokiko erakundeekin koordinatuta egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!