Bere elikadura proiektua babesteko asmoz, Berton Bertokoak mozioak aurkeztuko ditu plenoetan

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 29a, 11:15

Berton Bertokoak iragarri du Durangaldeko osoko bilkuretan mozioak erregistratuko dituela, eta esku artean duten elikadura proiektua babesteko eskatuko diela politikariei. Honen oinarria zein den ulertzeko, honako hau ekarri behar da gogora: Berton Bertokoak hileak daramatza proiektu bat garatzen eskualdeko eskola publikoetako jangelak kudeatzeko.

Besteak beste, Durangaldeko baserritarren eta ekoizleen produktuekin hornitu gura dituzte eskoletako sukaldeak. Horretarako, bilerak antolatu dituzte baserritarrekin, eta teknikari bat ere lanean dago, proiektu hori guztia bideragarria dela ziurtatzeko.

Orain beste pauso bat emango dute aurrera, eta babes politiko bila joko dute udalbatzetara proiektua bultzatzeko. Mozioan jasotzen denez, udal bakoitzagaz batzea eskatuko diote Hezkuntza Sailari, eta "herriko eskolan gure baserritar, ekoizle eta arrantzaleen produktuak kozinatuak izan daitezen eman beharreko pausoak" aztertzea. Adierazpeneko beste puntu batek honako hau dio: "Udal honek bat egiten du eskolak eta bere familiek egiten duten ahaleginagaz, gure herriko umeak kalitaterik onenagaz elikatuak izan daitezen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!