Pediatria 24 orduz plataformak "positiboki" baloratu du Mankomunitateko ordezkariek Osasun Sailagaz izandako bilera. "Pozik gaude EAJk bere iritzia aldatu duelako, eta eskualdeko pediatria zerbitzuak urriak direla onartu duelako" adierazi du plataformak ohar batean. 2019an, Plataformak mozioak aurkeztu zituen Durangaldeko hainbat udaletxetan. Urgentziazko pediatria zerbitzua, medikalizatutako anbulantzia eta bihotz-erreanimazioetarako unitateak ipini zitezen eskatu zuen hainbat bider. EAJk eskari haiek "atzera bota" zituela eta, plataformak "sorpresa" hartu du orain. "Goraipatzekoa da eskualdeko udalerrien gaindikoa den organoak, orain, pediatria zerbitzuaren gaineko kezka agertu izana eta eskualdeko osasun-garraio gabezia aztertzeko asmoa izatea", adierazi du plataformak.
Bestalde, Elkarrekin Podemos - Ezker Batuak Durangaldean ospitale bat ipintzeko eskaria egingo dio gaur Eusko Legebiltzarrari.