Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentea eta Javier Crespo presidenteordea Gotzone Sagardui Osasun sailburuagaz batu dira. Mankomunitateak ohar batean jakinarazi duenez, ordezkari biek "Durangaldeko osasun eskariak aztertzeko eta baliabideak herritarren benetako beharrizanetara egokitzeko" helburuagaz jo dute Jaurlaritzara. Honako "kezka nagusi" hauek helarazi dizkiote Sagarduiri: Lehen mailako arreta, pediatria zerbitzua indartzeko beharrizana eta osasun-garraioa. “Badakigu pandemiak tenkatu egin duela ahalegin handia egin duen eta egiten jarraitzen duen osasun-sistema, baina zenbait udalerritan eta eskualde-mailan eskariak daude. Horiek aztertu ditugu, eta Sailak baliabideak ezartzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera guztiak aztertzeko konpromisoa hartu du” azaldu du Mireia Elkoroiribek.