Iaz pandemia dela eta Aldundiak ez zuen Ohorezkorik banatu, horregatik oraingoan Lauaxeta Ohorezko Saria 2020 Xabier Amurizari eman dio. Bizkaian bereziki eta, munduan zehar, oro har, euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan egindako ekarpena aitortzea da Ohorezko sariaren helburua.
Bestalde, Gontzal Mendibil, Mikel Urdangarin, Zea Mays eta Gatibu izan dira Lauaxeta Ohorezko Sariak 2021, Bizkaiko Euskarazko Musika Sortzaile diren neurrian. Epaimahaiak aho batez hartutako erabakia izan da eta nabarmendu du "guztiak bizkaitarrak izanik, euskarazko musikariak dira, etenik gabeko ibilbide luzea izan dute bakoitza bere estiloari eutsiz eta gaur ere kantuan ari dira; publiko eta musika mota diferentetakoak dira, hedadura zabalekoak eta musikari erreferenteak".
Urkiaga eta Bilbao poesiagintzan
XVII. edizio honetan, idazle gazteen artean poesiagintza suspertzeko eta zabaltzeko asmoz mailakatu eta banatu den Lauaxeta Poesia sariak Leire Bilbaorentzat eta Jon Ander Urkiagarentzat izan da.
Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian, Jon Ander Urkiagak jaso du, Bizi Min poema-bildumagatik. Epaimahaiak ezaugarri hauek nabarmendu ditu: "Autorearen poesiak 39 poemaren bidez bizitzak sortzen duen eta heriotzak estaltzen duen malenkonia kutsuan egindako bidaia eskaini digu. Galderez osaturiko diskurtso poetikoa da berea, ikuskizunaren errotik sorturikoa".
35 urtetik gorakoen kategorian, berriz, Leire Bilbaok eskuratu du, poesia saria Etxeko Urak poema liburuagatik. Kasu honetan ere epaimahaiak aho batez erabaki du irabazlea, eta honakoa nabarmendu du: "Idazleak maisuki darabil hizkera poetikoa gizartearen sinbolo horiek bereak egiteko eta bere hizkera propioz ernaltzeko eta emateko. Zuzena da bere diskurtsoa, batua bere mezuan, eta irakurlearengana oztoporik gabe iristen dena. Paralelismoak eta identifikazioak maite ditu, eta bere mezuaren eta itsasoko esanahien arteko zubia erraz eraikitzen du amatasunari buruzko liburu honetan".