'Bizia min'. Berba joko bat da?
Bai, berba joko bat da, hasieratik argi eduki dudana, liburu honen atzean minbizia kasu bat dagoelako. Ikusten denez, olerkiek ez dute izenbururik; inoiz ere ez naiz eroso sentitu poemei izenburua ipintzen. Liburuaren izenburuagaz, ostera, ez dut inongo zalantzarik izan. Argi eta garbi nuen horixe izango zela izenburua. Liburuak berak, bere horretan, justifikatzen du izenburua. Berez, ez dago hori justifikatzeko beharrizanik, baina hogeitabatgarren poemak erreferentzia egiten dio horri. Mina ulertzeko hainbat modu dago, lehenengoa bururatzen zaigun hori, baina poema hori idazterakoan, jolas moduan hartu nuen nik. Hiztegian mina berbari begiratuta, esanahi piloa eta desberdinak dituela ikusi nuen, eta horrek indarra hartzen du 21. olerkian. Minak, bere osotasunean hartzen du lekua izenburuan.
Minetik idatzita dagoen liburua da?
Nire asmoa ez da hori izan, liburu ilun bat idaztea, zelanbait esateko. Minetik idatzita dago, atzean gertaera mingarri bat duelako funtsean. Egoera mingarri batetik dator liburua, baina jolasetik ere badu. Umore ukitua ere badu, agian behar beste eduki ez arren. Momentu batean, bizipen hauetatik sortzeko premia eta aukera nuen, sentimendu batzuk berben bitartez islatzeko beharrizana.
Mina da ardatza, baina irakurketa ez da mingarria, edo soilik mingarria behintzat.
Ez, esan dudan moduan, egoera mingarri batetik sortutakoa da, baina, hortik aurrera, ariketa moduko bat da niretzat, eta, momentu batzuetan, jolas modura ere hartu izan dudana, barruan nituen zera horiek kanporatzeko. Prozesu guztia ez da mina edo iluna izan.
Hasieratik zenuen liburuan publikatzeko asmoa?
Ez, badaude lauzpabost poema jatorrian idatzi nituen moduan geratu direnak, hasieran egindako moduan. Aita minbiziagaz hasitako momentu horretakoak dira. Gerora, ospitalean egon zenean, han igarotzen nituen orduak luzeak baino luzeagoak ziren, eta, buruari eragin ostean, pentsatu nuen banuela zer kontatu. Egoerak zer idatzi sortzen zidan, eta, apur bat landuz gero, testu kopuru dezente elkartzeko aukera izango nuela uste nuen. Ordu asko igaro nituen bertan, eta oharretariko asko mugikorrean bertan hartzen nituen. Bizipen horien bitartez hasi nintzen idazten, eta liburuaren forma gerora ikusi nion.
Egituraketan ere ikusten da lotura bat .
Liburuaren egitura atzera kontaketa bat da. Eskema horregaz, liburua zeroan amaitzen da, oso argia da, esplizitua. Liburua hiru zatitan dago banatuta. Bata bisualagoa da; beste bat, abstraktoagoa, gogoeta gehiagogaz. Hirugarrena, ostera, herio kantak dira, musikatuagoak izateko moduko poemak dira.
Idazkera aldetik, gordina da.
Gordina da, heriotza gordina delako. Bizitza bera ere gordina da, eta, azken batean, hemen bizitza edo errealitatea islatzen ahalegindu naiz. Askotan, ez dago errealitatea bera baino gauza gordinagorik. Lehen esandako moduan, liburua blokeetan banatuta dago; batzuetan, beharbada argiago ikusten da gordintasun hori. Beste batzuetan, hizkuntza poetikoago baten bitartez, ez dira hainbeste bistara geratzen.
Luces de Gálibogaz argitaratu duzu liburua.
Hasieran, hainbat aukera nuen esku artean. Ez da sasoirik onena literaturarentzat, edo argitaletxeentzat, orokorrean. Autoekoizpenaren ideia ere izan nuen buruan. Nafarroako Kutxa fundazioaren gazteentzako lehenengo poesia sariaren kontua gero ailegatu zen, eta baita Luces de Galibogaz argitaratzeko aukera ere.