Edozein sortzaileren obra bere testuinguruak baldintzaturikoa dela esan ohi den arren, zerk eraman zintuen zure errealitate hori poesiagaz islatzera?
Bakoitzak dagoen lekutik idaztea eta bere egia asmatzea garrantzitsua dela uste dut. Ama izatean beste begirada bat sortzen da eta hizkuntza berri bat dakar. Orduan, begirada eta hizkuntza berri horregaz probatu gura nuen, niretzat idazketa berri bat izango zena.
Ama izatean galdera berri asko sortzen direla aipatu izan duzu. Galdera horiek izan dira poemak sortzeko abiapuntua?
Lehenengo umeagaz batera, ama bat ere jaiotzen da eta guraso izaten ikasi behar duzu. Prozesu bat da. Erditzeaz batera galdera asko erditu zitzaizkidan. Literatura galderetatik abiatzen da eta bakoitzak bere erantzunak bilatzeko modua izan behar da. Horrela ulertzen dut nik fikzioa.
Amatasunaz barik ama izatetik sortzen den begirada berri horretatik idatzitako liburua dela ere aipatu izan duzu.
Bai. Nahiz eta norbere esperientziatik abiatu, azken finean, ahots poetiko berri bat sortu behar da, norberenaz gainera, beste amena ere izan daitekeena. Ama asko daude nigan, baina beste ama batzuengan ere begirada jartzea izan da helburua, eta egoera horretaz hausnarketa bat egitea poesiagaz baliatuta, ama direnengana zein ama ez direnengana heltzeko asmoagaz.
Baina ama denak hobeto konektatuko du liburuagaz?
Ez da ama direnentzat bakarrik. Esaterako, liburu honek aita askoren begirada konplizea jaso du.
Zelan antolatu duzu liburua?
Liburuak lau atal ditu. Urak badu zirrikitu guztietatik ihes egiteko dohaina. Urak bota du izena lehenengoak. Etxeko uretan lehenengo ura erditzearena da, hau da, urak botatzearena. Orduan diot ume bat jaio dela, baina ama bat ere bai. Listua izeneko bigarrenean, ama izatean sortzen den hizkuntza berriari buruz nabil. Ez da hitzezko hizkuntza bakarrik, baita azalezkoa ere; ez dira bakarrik onomatopeiak eta umeen hizkuntza, bada ere azalaren azpian sentitzen den hizkuntza hormonal hori. Hirugarren atala Marea da, hau da, ur asko batzen diren lekua eta beste amei eta gurasoei begiratzen jarraitzen duena. Azkenengoa Harraska da; etxeko ur zikinak joaten diren tokiari egiten dio erreferentzia. Azkenean, amatasunak duen beste garrantzia bat zaintza lana da. Zaintza horretan, etxeko kontuei beste begirada bat ematen zaie, beste tempo edo pausa bategaz. Beste dimentsio bat hartzen du.
Baliabide desberdinak erabili dituzu egoera desberdinak islatzeko: kaligrama bat, erosketa zerrenda bat…
Une oro amatasunaz berba egiten nabilenez, beldur nintzen ez ote zen monotono geratuko. Horregaitik daude jokoak, kaligramak, poemak esaten duenaz haratago ikusi daitekeen irudi bat jasotzen dutenak. Edo erosketa zerrenda bat, guraso zarenean askotan errepikatzen den zerbait delako. Edo bakarrizketa bat, ama den eta ez den baten artean ematen dena. Azken finean, literatura jolas bat da.