Zergaitik sortu duzue elkartea?
Elkartearen helburu orokorra kontserbazio-premia eta interes berezia duten animalia gautarren egoera ezagutu eta hauen inguruko kontserbazio eta ezagutza sustatzea da, batez ere saguzarrena. Jonek eta biok animaliak gustuko ditugu, eta sasoi hartan nik saguzarrekin lan egiten nuen. Basora joaten ginen ultrasoinu detektagailuekin, zer zegoen ikustera. Gustuko dugun zerbait eginez, zerbait berria eskaini ahal izatea erakargarria egiten zitzaigun. Hortik hasi zen elkartea sortzeko ideia. Gerora, Ane batu zitzaigun.
Ekimen batzuk egin ditugu ibilbide honetan. Urkiolako parketxean Saguzar gaua egin genuen; saguzarrei buruzko berbaldi bat eskaini genuen, eta gero, iluntzean, detektagailu batzuk hartu eta kanpora irten genuen saguzarrak ikusi eta entzuteko asmoz. Jendea asko harritzen da; azken finean, saguzarra animalia iluna da eta ez da ikusi ere egiten ia; baina detektagailua piztu eta zaratak entzutean, ikusten dituzte.
Badago zuenaren moduko beste elkarterik inguruetan?
Europan ohikoagoak dira, orokorrean kultura natural handiagoa dute eta. Estatuan badago elkarteren bat saguzarren ikerketa eta kontserbaziorako, eta Euskal Herrian ere hasi dira elkarte eta norbanakoak martxan.
Azaroan topaketa bat egitekoak zarete antzeko taldeak.
EHUko ikerketa talde batek urteak daramatza saguzarrak ikertzen, eta egiten duten lanaren zati bat naturarekiko konpromisoagaitik egiten dute. Elkarte txiki eta norbanako batzuk martxan ipini direla ikusita, topaketa egitea pentsatu dute, elkar ezagutzeko eta elkarlanik egon daitekeen ikusteko.
Aurrera begira, zer gustatuko litzaizueke egitea?
Gauza asko dugu buruan, baina horiek gauzatzea beste kontu bat da. Gure jarduna Mañariko udalerrira mugatu dugu, bertoko saguzarren ezagutza bat garatzeko. Gero, ezagutza hori herritarrekin partekatu gura dugu.
Nondik datorkizu saguzarrekiko zaletasuna?
Biologia ikasketak amaitzen nenbilela, zoologia irakasleek eurekin hiru asteko landa lana egiteko proposamena egin ziguten; lan boluntarioa zen eta ikaskide bi apuntatu ginen. Hiru astez, Cazorlan (Espainia) saguzarren radiotrackinga [irrati bidezko jarraipena] egin genuen. Zur eta lur geratu nintzen saguzar bat lehenengoz ikusi nuenean. Harrezkero, egunero ikasi dut zerbait berria. Ezaugarri berezi asko dute eta asko dugu eurengandik ikasteko.
Zergaitik dute fama txarra saguzarrek?
Saguzarrek, historian zehar konnotazio desberdinak eduki dituzte. Fama txarra, batez ere, Dracula eleberritik datorkio. Bram Stokerrek pertsonaia odolzale bat behar zuen istorioa idazteko, eta animalien artean bat egin zitzaion baliagarri: banpiroa. Banpiroa saguzar espezie bat da, odolzalea, gautarra eta hegalaria, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan bizi dena. 1.400 saguzar espezie baino gehiago daude; bakar hori baliatu zuen Stokerrek eta hortik datorkio fama txarra. Hegazti odolzaleak ere badaude, adibidez, baina ez dute fama hori. Saguzarra animalia gautarra da, txikia, eta ez duguna ondo ezagutzen edo ulertzen. Ezaugarri horiek animalia desberdina egiten dute, eta horrek, ezjakintasunagaz eta liburuaren kontuagaz nahastuta, koktel itzela sortzen du. Gehitu horri birusaren agerpena.
Animalia guztiengan bizi dira birusak, baina euretariko gehienek ez dute onurarik edo kalterik sortzen. Animalia espezieetako birusei buruz oso gutxi dakigu. Azken hamarkadetan, baina, asko ikertu dira birusak, batez ere saguzarrengan. Zergaitik? Saguzarrak gehiago ikertzen hasi ziren, amorreri kasu batzuen harira. Saguzarra animalia soziala da, eta leku bakarrean asko bizi daitezke, eta horrek asko errazten du ikerketa, beste animalia batzuekin alderatuta. Azken hamarkadetan gehiago dakigu saguzarrei buruz, beste animalia batzuei buruz baino. Birus berri bat agertzerakoan, ezagutzen ditugunekin konparatzen dugu. SARS-CoV-2 birusaren agerpenagaz, animaliei erlazionaturiko birusen eta birus zoonotikoen, animaliengandik pertsonengana pasatzen diren birusekin, konparatu da hau.
Zer gertatu da?
Alde batetik, ikusi da saguzarrek ez dutela beste ugaztun talde batzuek baino birus zoonotiko gehiago. Bestetik, orain arte SARS-CoV-2 birusagaz antzekotasunik handiena duen birusa saguzarrengan topatu dela, baina horrek ez du esan gura birusa saguzarrengandik pasatu denik. Ezta birus berdina denik ere, izan ere, %96ko antzekotasuna du. Hori, gizakiak eta txinpantzeak berdinak garela esatea lakoa da, gure DNAren antzekotasuna maila horretakoa da eta. Titular horien ondorioz, munduko leku askotan saguzarraren kontrako neurri zentzubakoak hartu dira. Asiako eta Hego Amerikako zonalde batzuetan kolonia osoak hil dituzte. Garrantzitsua da azpimarratzea saguzarrak onura asko eskaintzen digula, besteak beste intsektuen populazioa kontrolatzeko eta fruitu tropikal asko polinizatzeko. Honek biodibertsitataren eraldaketagaz ere badu lotura, besteak beste. Zientzialarien esanetan, gaixotasun zoonotikoak izugarri hazi dira azken urteetan, adibidez. Eremu naturalen transformazioak mundu basatiaren eta gizakiaren arteko kontaktu handiagoak, eta globalizazioak orain bizitakoaren moduko pandemiak bizitzeko arriskua handiagotzen dute, labur esanda. Pelikula honetan saguzarrak agertzen dira, baina izan zitekeen beste animalia bat, HIESagaz edo Lyme gaixotasunagaz gertatu den moduan.