Saguzarrak

Mañarian saguzar espezie biren kolonia bat identifikatu dute

Joseba Derteano 2021ko aza. 5a, 09:30

Saguzarra animalia soziala da eta urteko hainbat sasoitan kolonietan batzen da. Kolonia mota nagusi bi daude: hibernatze-koloniak, negua elkarregaz igarotzeko sortuak, eta kumatze-koloniak, batez ere saguzar emeek osatzen dituztenak.

Kumatze-kolonia bat Mañarian dago. EHUko ikerketa talde batek egin izan du bere jarraipena. Adituek gurago dute kokapen zehatza zein den ez esan, animalien segurtasunagaitik. Espezie bik osatzen dute: ferra-saguzar handiak eta Geoffroy saguzarrak. "Ehunka gutxi batzuek osaturiko kolonia da", dio Arrizabalagak.

Ferra-saguzar handia Euskal Herrian dugun espezierik handienetarikoa da: 35 bat zentimetro izan ditzake hegaleko punta batetik bestera. Sitsa eta kakalardoa dira bere elikagai nagusietariko bi, eta, batez ere, baso ertzetan ehizatzen du. Ferra-saguzarra ez da animalia azkarra, baina bai maniobratzen trebea, eta basoak landa eremuagaz bat egiten duen guneetan ehizatzen ditu harrapakinak erosoen.

Geoffroy saguzarra txikiagoa da —22 bat zentimetro hegaletik hegalera—. Basoan baino gehiago, baserri inguruetan aurkitu daiteke sarritan, kortetan eta ganbaretan. Intsektuek osatzen dute bere dieta, eta armiarmak ere jaten dituela da bere berezitasunetariko bat.

Eskualdean gehiago
Euskal Herrian 27 bat saguzar espezie dago, eta Durangaldean, Mañariko herri inguruan, basoetan edo Untxillatz inguruan, euretariko bederatzi identifikatu izan dira —aipatutako biak barne— azken uda bietan.    

Saguzarrak non batzen dira araldirako? Euskal Herrian nahikoa ezezagunak dira araldirako guneak, baina adituek badakite gune karstikoak gustatzen zaizkiela, erosioak zuloz eta kobazuloz diseinaturiko guneak. Ildo horretatik, Mugarra inguruan saguzarren araldirako interesgarria dirudien zonalde bat fitxatuta dute. Saguzarrak hara joaten dira, ustez bikotekide bila.

Kume gutxi eta bizitza luzea
Tamaina bereko beste ugaztunekin konparatuta, saguzarren ugalketa eta hazkuntza ezohikoa da. Horretan, tamaina handiagoko ugaztunen antz handiagoa du. Kume gutxi izaten ditu, bakarra normalean, eta, duen tamainarako, luzaro bizi da. Esaterako, Euskal Herrian 20 urteko ferra-saguzarrak idenfitikatu izan dituzte, eta munduan 30 urtera artekoak.

Saguzarrak zelan ikertu
Saguzarra animalia txikia eta iheskorra da. Asko dago, eta ehunka kilometroko bidaiak egin ditzake. Zelan aztertu daiteke? Zelan jakin munduan oraingoz deskribatuta dauden 1.423 saguzar espezieren artean Mañarikoak zeintzuk diren? Zer dioten entzunda da erantzuna, edo zehatzago esanda, zer frekuentziatan dioten neurtuta.

Saguzarrak ekokopena deituriko sistema darabil mugitzeko eta espazioan non dagoen zehazteko. Berak igorritako soinuen oihartzunak bueltan jasota eraikitzen du inguruan duenaren mapa zehatza. Espezie bakoitzak frekuentzia jakin batzuetan igortzen ditu soinuak, eta horiek neurtuta jakin daiteke zer espezie dabilen inguruan. Baina gizakiak ezin ditu soinu horiek entzun. Ultrasoinuak dira, hau da, gizakiak entzun dezakeena baino maiztasun handiagoko soinu-uhinak. Beraz, ikertzaileek ultrasoinu detektagailuak erabiltzen dituzte saguzar espezieak bereizteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!