Saguzarrak

Saguzarra geroago eta zokoratuago dago eta geroago eta baliabide gutxiago du

Joseba Derteano 2021ko aza. 5a, 09:30

Munduko ugaztun espezie guztien %25 inguru saguzarrak dira —4.100 ingurutik 1.423—, baina, hala ere,  ez dira asko ezagutzen. Badirudi apurka handitzen dabilela animalia honekiko interesa, baina oraindino "asko dugu ikasteko", dio Arrizabalagak.

Saguzarren mugimenduen, ohituren eta bestelakoen ezagutza maila handitzea garrantzitsua da babes neurri eraginkorrak sortzeko. Izan ere, adibide bat ipinita, azken uda bietan Durangaldean identifikatu diren ia espezie denen kontserbazio-egoera ez da ona Jaurlaritzako Ingurumen Sailako 2018ko txostenaren arabera. Saguzarraren bizimoduan zuzenean eragiten duen faktore bat gizakia da. Orokorrean, "saguzarraren bizimodurako beharrezkoak diren baliabideak kentzen gabiltza", dio Arrizabalagak, eta, ondorioz, geroago eta zokoratuago dago. Esaterako, saguzarraren ehizalekua basoa da eta baso "gutxi" dugu. "Asko pinadiak edo eukaliptuak dira eta ez dute basoen ezaugarririk", zehaztu du. Horrez gainera, gordeleku modura erabili daitezkeen geroago eta zuhaitz handi gutxiago dago, eta hori arazo bat da basoko espezieentzat.

Keinu txikiak, laguntzeko
Saguzarraren biziraupenean laguntzeko, keinu txikiek alde handia markatu dezakete, gizarte ohitura bihurtzen badira.  Saguzarra eraikinen atikoetan edo baserriko korta eta ganbaretan bizi da sarritan. Bizilagunek handik atera gura izaten dituzte sarritan, baina ez dakite egoera zelan kudeatu. Alde horretatik, Gabako elkarteak aholkularitza eskaini dezake. "Badaude moduak eta protokoloak saguzarrak ganbaretatik edo atikoetatik ateratzeko hil barik, edo eurei kalte minimoa eraginda", baieztatu du Arrizabalagak. Horrelako egoeraren bat bizi  duenak honako helbide elektroniko honetara idatzi dezake kontsulta bat egiteko: gabako.elkartea@gmail.com.

Saguzarrak intsektujale amorratuak dira. Leku batzuetan hasi dira saguzarrak izurrien kontrol biologiko bezala erabiltzen, esaterako, Katalunian. "Beraien presentzia ingurune osasuntsu baten adierazle da", dio Arrizabalagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!