Iker Unzueta: "Hasieratik jokatu, gola sartu eta taldeak hiru puntuak batu zituen; ezin dezaket gehiago eskatu"

Joseba Derteano 2021ko aza. 4a, 10:33

Iker Unzuetak denboraldiko bere lehenengo gola sartu zuen atzo. (@SDAmorebieta)

Amorebietak 4-1 menderatu zuen atzo Valladolid taldea Lezaman. Iker Unzueta eta Lander Olaetxea abadiñarrek gol bana sartu zuten.

Atzo Lezamara hurreratu ziren Amorebieta taldeko zaleek denboraldiko gozaturik handiena hartu zuten. Urdinek 4-1 irabazi zioten Valladolidi, zazpi jardunaldi galdu barik zeramatzan taldeari, urteko gol festarik handienean. Gainera, Abadiñoko jokalari bi protagonista izan ziren: Lander Olaetxeak bigarren gola sartu zuen eta Iker Unzuetak hirugarrena.

"Orain arte jokatu dugun partidurik onena izan dela uste dut", adierazi zuen Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak partiduaren amaieran eta ez zitzaion arrazoirik falta. Amorebietak inspirazioz betetako lehenengo zatian bideratu zuen norgehiagoka. 3-1 joan ziren atsedenaldira abadiñar bien eta Iñigo Orozko donostiarraren golei esker. Bigarren zatiaren hondarrean, Valladolid hil ala bizi zebilela, Gaizka Larrazabalek borobildu zuen markagailua kontraeraso batean.

Denboraldiko lehen gola Unzuetarentzat

Iker Unzuetak denboraldiko bere lehenengo gola sartu zuen. Gol garrantzitsua da hilabete eta erdi lesionatuta eman eta zelaietara oraintsu bueltatu zen jokalariarentzat. "Jolastu barik egotea gogorra da. Huescaren kontra itzuli nintzen, 45 minutu jokatu nituen eta sentsazio onak izan nituen. Atzo, hasierako hamaikakoan sartu nintzen, gola sartu nuen eta taldeak hiru puntuak batu zituen. Ezin dezaket gehiago eskatu", azaldu du aurrelari abadiñarrak.

Hurrengo, Alcorcon azken sailkatua

Valladoliden kontrakoa denboraldiko bigarren garaipena izan da Amorebietarentzat. Jaitsiera postuetan jarraitzen duen arren, konfiantza dosi ona da taldearentzat domekan Alcorcon bisitatu aurretik. Bolada onari jarraipena emateko aukera dute azken sailkatuaren kontra. 

Xabi Etxeitaren gola, Eibarri garaipena emateko

Durangaldeko beste futbolari bat ere protagonista izan zen atzo Bigarren Mailan. Xabi Etxeita zornotzarrak Eibarri garaipena eman zion gola sartu zuen. Partiduko azken jokaldian heldu zen gola, gainera. Korner baten ostean, area barruan dantzan zebilen baloi bat sareratu zuen Etxeitak, Ipuruara batu ziren zaleen zoramenerako. Horrela, Eibarrek 1-0 menderatu zuen Oviedo eta sailkapeneko aurreneko tokietan darrai.

Xabi Etxeita atzo garaipenaren gola ospatzen. (SDEibar).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!