Argi dio ez dabiltzala "negarrez". "Ezin dugu joan den mendeko komisioak kobratzen segitu, gastuak igo direnean eta erosteko ahalmena heren bat gutxitu zaigunean", zehaztu du Montesek. "Ez zaigu mobilizazioak egitea besterik geratzen. SELAE erakundearen partetik, Estatuko Apustuen eta Loterien Erakundearen partetik, berba politak baino ez ditugu jasotzen. Baina auzi hau zuzendu behar dute. Gure produktuen prezioak tasatuak dira. Estatuak markatzen ditu. Beraz, giro trumoitsua dugu une hauetan".
Dezimoen banakatzea
Loteria saltzaileentzat Gabonetakoa da urteko sasoirik etekingarriena. Gabonetako fakturazioaren "%40" sasoi horretako zozketa txartelak salduta poltsikoratzen dute. Umeen zozketaren eta El Gordo lez ezaguna denaren txartelak salduta. Dena dela, Txema Montesek modu kritikoan begiratzen die txartel horien atzean dauden komisioei. Bere esanetan, loteria saltzaileak txartelaren balioaren %4 baino ez du eskuratzen. "Beste %26 bat Espainiako estatuko altxortegira bideratzen da. Eta falta den %70a zozketako sariak finantzatzeko erabiltzen da", dio. Baina azken puntu honetan ere bada gehiago. Izan ere, estatuak sari horien zati bat atxiki egiten du. Beraz, balio horiek aldatzean eta saltzaileentzako komisioak "eguneratzean" kontzentratzen dira Loteros en lucha kolektiboaren aldarriak.
Bestalde, Internet agertzeak apustuen mundua goitik behera aldatu duela dio Montesek. Eta Apustuen eta Loterien Erakundeari eskatu dio joko berriak diseinatzea, "sorkuntza lan hori ere erakunde horren betebeharra" delakoan.
Gerran sorturiko zozketa
Espainiako estatuko loteria, gaur egun ezagutzen dugun eran, XIX. mendean hasi zen funtzionatzen. Hain zuzen ere, espainiarren eta frantsesen arteko gerra betean, gerra napoleonikoetan. Orduan Espainiako Ogasun Publikoa diruz larri zebilenez, agintariek pentsatu zuten herritarrak gehiegi haserreaziko ez zituen zerga moduko bat diseinatzea. Testuinguru hartan jaio zen gaur egun ezagutzen dugun loteria modernoa, nahiz eta hamarkada batzuk lehenago ere egon ziren antzera bateko zozketak.