Anton Barrutiaren heriotzak aztarna sakona utzi du eskualdeko txirrindularien artean

Joseba Derteano 2021ko uzt. 14a, 16:22
Anton Barrutia bizikletagaz oztopa bat salto egiten.

Anton Barrutia iurretarra joan da 88 urterekin. Baina ez oharkabean. Arrasto sakona utzi du Durangaldeko txirrindularien komunitatean. Jesus Ormatxea Urgozo txirrindulari elkarteko kideak eta Javier Elorriaga txirrindulari ohiak haren figura goraipatu dute.

Batzuetan anekdota bat kontatzea nahikoa izaten da kirolari baten aztarna norainokoa den jabetzeko. Eta hori da, hain zuzen ere, bai Elorriagak eta bai Ormaetxeak, azpimarratu dutena. Anekdota bat. Anton Barrutia txirrindulariak 1960an egindako epopeia. Non eta Tolosan. Non eta Munduko ziklo-kros txapelketa jokatu zenean. Jesus Ormaetxeak 15 urte zituen orduan, eta han zegoen, karrera ikusten. "Lehenengo itzulian, 20 metro inguruko jaitsiera batean, jausi egin zen. Azken geratu zen. Barriro bizikletara igo eta laugarren posturaino eskalatu zuen. Itzela izan zen egin zuena. Lasterketak beste buelta bat gehiago izan bazuen, hirugarren bukatuko zukeen”. Javier Elorriaga ere han zegoen. "Nik ez nuen erorikoa ikusi, baina igarri nuen txirrindulariak pasatu ahala bera falta zela. Laugarren egin zuen azkenerako. Hori postu ona da", dio Elorriagak, "oso ona". Euskal txirrindulari batek nagusien mailan eta munduko ziklo kros txapelketa batean inoiz lortu duen posturik onena da.

Baina anekdotaz aparte, Ormaetxeak Barrutia punta-puntako kirolaria izan zela nabarmendu du. “Kategoriako txirrindularia zen", esan du. Antonen anaia  Cosme Barrutia ere maila handiko txirrindularia izan zen. "Cosmek beti esaten zuen: “Nik Antonen kualidadeak banitu eta Antonek nire burua baleuka… txirrindulari perfektua litzateke. Bi kualidadeak batean batuko balituzte beharbada Eddy Merckx bat irtengo zatekeen". Anton txirrindulari "oldarkorra" zen, indartsu sentitzen zenean eraso egiten zuen horietakoa. Elorriagak txirrindulari "bizia" zela azpimarratu du eta "esprintean arina".

Elorriagak, bestalde, gogora ekarri du bere jubeniletako lehenengo karrera Barrutian emandako kamiseta batekin eta kulotearekin ibili zuela. "Barrutiak Espainiako Vueltako karrera bat irabazi zuen Vigon. Van Looyren kontra esprintatu eta irabazi egin zuen. Licor Karpy taldeagaz korritu nuen, berak emandako kamiseta eta kulote batekin". Elorriagak hainbat urte egin zituen KAS taldean. Barrutia zen taldearen orduko zuzendaria. "Umoretsua zen, baina baita serioa ere. Gauzak ondo egitekoa zen", dio. 

Anton Barrutia 13 urtez izan zen txirrindulari profesionala, 1953tik 1966ra. Bere ibilbidean 52 garaipen lortu zituen errepidean zein ziklo-krosean. Bere palmares handiko parte dira Espainiako Itzuliko zazpi etapa. Espainiako ziklo-kros txapelketa birritan irabazi zuen eta beste hainbatetan podiumera igo zen. Ondoren, 1971tik 78ra KAS taldeko zuzendari lanetan ere aritu zen.

Argazki hau 2014an Zornotzan egindako mahai-inguru batekoa da. Bost ziklista ohi batu zituen. Anton Barrutia izan zen protagonista bat. Ezkerretik hasita: Fausto Iza, Felipe Alberdi, Alazne Urkiaga (Urgozo elkarteko kidea), Oscar Elguezabal eta Anton Barrutia. Behean, Julian Aguirrezabal.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!