Eskoletako elikadura eraldatzeko asmoek bira berri bat izan dute asteon. Berton Bertokoak jakinarazi du Hezkuntza Sailak aldatu egin dituela bere aurreikuspenak, eta Durangaldeko hainbat ikastetxe publikotan sukalde bana ipintzeko asmoek beste norabide bat hartu dutela. Kontua hemendik dator: Atxondoko eskolan, Zaldibarko eskolan eta Iurretako Juan Orobiogoitia institutuan sukalde bana ipintzea aurreikusi zuen Hezkuntza Sailak. Lanok uda honetan egitea aurreikusi zuen. Halantxik jakinarazi zuen Berton Bertokoak eta halantxik jaso zuen hedabide honek.
Baina kontua orain aldatu egin da: Atxondoko eskolako sukaldea 2022ko udan ipintzea aurreikusi du Hezkuntza Sailak. Eta Juan Orobiogoitian ipintzeko planek, berriz, ez dute argirik ikusiko momentuz. "Orain dela gutxi Orobiogoitiako ikastetxean sukaldea ez eraikitzea erabaki du Hezkuntza Sailak, jangela erabiltzen duten ikasle kopurua jaitsi egin dela argudiatuta", esan du Berton Bertokoak. Atxondokoari buruz honakoa diote: "Sukaldea 2022ko udara atzeratzea erabaki duela komunikatu digute. Arrazoia, udan obra egingo duen eraikuntzako enpresa kontratatzeko ez duelako denborarik". Berton Bertokoak adierazi du "harrigarria" iruditzen zaiola "2020an eraiki behar zuten sukaldea, urtebete atzeratu eta gero ez direla garaiz iritsiko argudiatzea". Hori dela eta Atxondoko eta Juan Orobiogoitiako sukaldeak "berehala" eraikitzen hastea eskatu diote Hezkuntza Sailari. Bestale, Zaldibarko eskolan sukaldea ipintzeko planek bere horretan jarraitzen dute. Uda honetan egingo dituzte lanak.
Beste aldaketarik egon ezean, Durangoko Zabalarra eskolan sukaldea ipiniko dute 2022ko udan. Traña-Matienan ere ipiniko dute ezkaratza, baina momentuz ez dago data zehatzik.