Sukaldeak eraikiko dituzte udan Atxondoko eta Zaldibarko eskoletan eta Iurretako institutuan

Anboto 2021ko urt. 16a, 15:56

(Argazkia: facebook: Gure Platera Gure Aukera)

Uda honetan egingo dira Durangaldeako hiru ikastetxe publikoetako sukaldeak, Gure Platera Gure Aukera elkarguneak jakitera eman duenez. Sukaldeak instalatzea Berton Bertokoa dinamikak hainbat bider aldarrikatutako eskarietako bat da.

Gure Platera Gure Aukera ekimenaren helburua egungo eskola-jantokien eredua aldatzea da eta hezkuntza-komunitateko, lehenengo sektoreko eta gizarteko hainbat elkarteren, sindikaturen eta eragileren atxikimendua du.

Elkarguneko webgunean iragarri dutenez, uda honetan egingo dira Durangaldeko hiru ikastetxe publikoetako sukaldeak, Atxondo eta Zaldibarko eskoletakoak, eta Iurretako Juan de Orobiogoitia institutukoak, hain zuzen ere. Durangoko Zabalarra eskolakoa 2022ko udan eraikiko da.

Momentu honetan fase desberdinetan daude lau ikastetxeak: proiektua idazten, kontratatzen edo gainbegiratzen. Oporraldia aprobetxatuko da obrak egiteko, webgunean informatu dutenez.

Beasain, Lantziego eta Bilboko ikastetxeak

Beste ikastetxe batzuetako egoeraren berri ere eman dute. Sukaldearen lehen proiektua ezagutzen dute Beasaingo Murumendi eskolan. Bestalde, Lantziego ikastolan Haur Hezkuntzako eraikin berriak sukaldea egiteko espazio izango du. Azkenik, Hezkuntza Sailak Bilboko Karmelo ikastolako sukaldearen obraren inguruan hartutako erabakia ezagutzea baino ez da geratzen.

Zazpi ikastetxe publiko hauek dira Eusko Jaurlaritzaren 2019-2023 Azpiegituren Plana dokumentuan jasota zeuden obrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!