Asier Aspuru eta Ane Diez Bizkaiko txapeldun geratu dira trinketean

Joseba Derteano 2021ko mai. 3a, 13:09

Asier Aspuru erdian, txapeldunaren txapela jantzita.

Diezentzat buruz buru irabazten duen lehenengo txapela da.

Bizkaiko txapelketako finalak emankorrak izan dira eskualdeko kirolarientzat. Asier Aspuru abadiñarra eta Ane Diez atxondarra txapeldun geratu dira buruz buru.

Aspuruk 40-29 menderatu zuen Ekhi Ziarrusta atzo, Abadiñoko Tornosolo trinketean jokatutako finalean. Finalak zati desberdin bi izan zituen. Partidu erdira arte Ziarrusta nagusi izan zen (17-22). Ordutik aurrera, Aspuruk hobeto sakatu zuen, gehiago asmatu zuen tantoak amaitzen eta partiduari buelta eman ahal izan zion.

Ane Diezek, berriz, Perera getxoztarrari irabazi zion (30-19) joan zen barikuan Bilboko Miribillako trinketean. Hasieran pare-parean ibili ziren eta partiduko bigarren zatian gehiago izan zen atxondarra. Sakeetan egon zen finaleko gakoetako bat, Diezek asko asmatu zuelako. Buruz buru irabazten duen lehenengo txapela da. Binaka badu beste bat trinketean, Arkaitz Diez nebarekin irabazitakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!