"Zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta hobeto elkar hartzen dugu"

Joseba Derteano 2021ko api. 25a, 10:30

Pilotazaleak dira, frontoia euren bigarren etxea da eta sarritan entrenatu izan dira elkarregaz. Beraz, zergaitik ez kantxan bikotea osatu? Bizkaiko pala txapelketan elkarrekin jokatzen ari dira Arkaitz Diez (Atxondo, 1995) eta Ane Diez (Atxondo, 2000) neba-arrebak. Hirugarren mailan jokatzen duten bikote misto bakarra da.

Orain arte egindako bideagaz gustura zaudete?
Arkaitz Diez: Ligaxkan hamar partidutik zortzi irabazita final-laurdenetara sailkatu gara. Orain Lekeitioko bikote baten aurka jokatzen gabiltza txartela finalerdietarako. Joaneko neurketa 25-13 galdu genuen, eta bihar jokatuko dugu itzuliko partidua, Lekeition.

Posible ikusten duzue kanporaketari buelta ematea?
A.D.: Besteek asko jokatzen dute, baina esperantza ez da sekula ere galdu behar.
Ane Diez: Gu geurea ematen saiatuko gara eta ea zer gertatzen den.

Bikote misto asko dabiltza txapelketan?
A.D.: Hirugarren mailan gu bakarrik.
Ane D.: Beste mailetan emakumeren bat badabilela pentsatzen dut, baina, horixe, gutxi gara, banakaren bat. Batzuk apur bat harritu egiten dira ia denak gizonezkoak diren txapelketa batean emakume bat jokatzen ikusten dutenean. Atipikoa delako.

Aspalditik jokatzen duzue bikote moduan elkarregaz?
A. D.: Iaz jokatu genuen lehenengoz, Bizkaiko Trinkete Txapelketan.
Ane D.: Baina frontoi luzean hauxe da aurreneko aldia.

Zelan erabaki zenuten bikotea osatu eta txapelketetara aurkeztea?
A. D.: Askotan jokatu izan dugu elkarregaz, Apatako frontoian.
Ane D.: Nik Basauriko klubagaz jokatzen nuen. Ez neukan nogaz jokatu eta Basauriko klubean beste neska bat egoera berdinean zegoen. Beraz, biok batera jokatzen hasi ginen. Baina Basauriraino joan beharra beti… Neba Iurretako Olaburu klubean zebilen eta orain ni ere han nabil. Hango entrenatzaile Josetxu Areitiok txapelketetara elkarregaz aurkeztera animatu gintuen eta probatzea erabaki genuen.
A.D.: Iurretan entrenatzen gara sarritan, eta Josetxuk beti lagundu izan digu.

Bikote moduan zelan konpontzen zarete?
A.D.: Ondo. Elkarregaz zenbat eta partidu gehiago jokatu, orduan eta hobeto elkar hartzen dugu.
Ane D.: Bikote moduan hobetzeko, garrantzitsua da komunikazioa. Batak besteari garbi esatea zertan hobetu behar duen.
A. D.: Guretzat erraza da. Konfiantza handia dugu gauzak elkarri esateko. Azkenean, hobby moduan hartzen dugun kirola da eta ondo pasatzen ahalegintzen gara. Ez gara haserretzen.

Zelan joan zen iaz Bizkaiko trinketeko esperientzia?
A.D.: Oso ondo. Irabazi egin genuen.
Ane D.: Egia esanda, txapelketa irabaztea sorpresa izan zen.
A. D.: Gutxi entrenatuta joan ginen eta ez geneukan esperantza berezirik, baina partidu bat irabazi, hurrengoa ere bai… Apurka kanporaketak gainditzen joan ginen eta, azkenean, txapela etxera!

Ane, zu buruz buruko Bizkaiko trinkete txapelketan ere bazabiltza. Zelan doa txapelketa?
A.D.: Oraingoz, ondo doa. Bariku arratsaldean finalerdia jokatuko dut. Lehenengoz heldu naiz hain urrun. Ez da ondoen nabilen espezialitatea, baina gogotsu nago.

Frontoi luzea ala trinketea, zer duzue gurago?
Ane D.: Nik frontoi luzea. Trinketeak urduri jartzen nau. Pilotak jo egingo nauen sentsazio hori izaten dut.
A.D.: Niri berdin dit. Bietan gustura jokatzen dut.

Nor da aurrelaria eta nor atzelaria?
A.D.: Frontoi luzean Anek atzelari jokatzen du eta nik aurrelari. Trinketean alderantziz aritzen gara.

Zergaitik aldaketa hori?
A.D.: Trinketean atzeko jokoa eskumatik jokatzen da eta pilota sarerantz bidaltzea da askotan kontua, ezkerreko aldera. Pilotak sarea ikutzen badu, amaitu da tantoa. Ane ezkertia da eta abantaila du sare ingurua babesteko.

Arkaitz, zu esku pilotan ere bazabiltza. Zelan doa denboraldia?
A.D.:
Denboraldi arraroa doa, baina gustura nabil. Urte batzuk daramatzat Mikel Bereinkuagaz jokatzen, eta ondo konpontzen gara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!