Haurreskoletako lan-hitzarmena negoziatzeari ekingo diote Hezkuntza Sailak eta sindikatuek

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 24a, 20:10
Iazko abenduan Durangon egindako mobilizazioa.

Alde biek lan-hitzarmena berrikusteko negoziazio sorta hasiko dute apirilaren 21etik aurrera.

Haurreskolen Partzuergoan ordezkaritza duten sindikatuek (LAB, Steilas, ELA) eta Hezkuntza Sailak negoziazio mahaia izan dute arratsaldean honetan, Gasteizen. Sindikatuek bertara eraman dituzte azken asteotako mobilizazioetan aldarrikatutakoak. Lorea Igartua elorriarra izan da batzarrean parte hartu duen kideetako bat. LAB sindikatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Haurreskolen auzian duen ordezkaria da Igartua, eta bere esanetan, Hezkuntza Sailak "aintzat" hartu ditu azken asteotan egin dituzten eskarietako batzuk. "Lan-hitzarmen berria negoziatzen hastea onartu du Hezkuntza Sailak. Egutegi bat ezarri du horretarako. Apirilaren 21ean egingo da lehendabiziko negoziazio batzarra, Aste Santuaren ostean", azaldu du.

Batzarrean berbagai izan duten beste puntu bat Haurreskolen Partzuergoa Hezkuntza sistemaren baitan integratzeari buruzkoa izan da. Igartuak adierazi du Hezkuntza Sailak plan estrategiko bat egingo duela hori "bideragarria ote den jakiteko". Dena dela, guztia "ikusteke" dagoela esan du LABeko kideak. "Behintzat orain arteko gatazka desblokeatu da. Badirudi aurrera eraman dugun mobilizazio dinamikak erantzuna izan duela", gaineratu du.

Azken asteotan hainbat mobilizazio egin dituzte Haurreskolak Partzuergoko sindikatuek. Azkena, atzo. Familiek eta hezitzaileek elkarretaratzea egin zuten Durangoko Ezkurdi plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!