Iazko martxo hasieran irten ziren plazara lehenengoz, kirolari askoren babesarekin San Mamesen egindako agerraldian. Handik gutxira pandemia egoerara egokitu behar izan zuten plangintza. Arloz arlo euskal kirolaren inguruko beharrak aztertzen eta horiei planteamendu propioak eskaintzen aritu dira harrezkero.
Aurtengo urte hasieran urrats berri bat eman zuten elkarte moduan eratuta. Finantziazioa lortzeko bazkidetza kanpaina bat abiatuko dute eta material propioa saltzen dute.
Ekimenez betetako apirila
Kirol agenda ekitaldiz beteta dator eta denetan egon gura dute euren mezua zabaltzen eta arlo horretako lanketa egiten. Apirila hilabete potentea izango da: Athleticen eta Errealaren artean Errege Kopako finala dago, Aberri Eguna da eta emakumeen euskal selekzioa nazioarteko torneo bat jokatzekotan da. Hitzordu denak euren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko erabili gura dituzte. Ekimen propio batekin erramatatuko dute apirila: futboleko bideo joko baten txapelketa antolatuko dute eta finala Aberri Egunean izango da.
Bizikletan zazpi hiriburuak batuz
Maiatzean, berriz, ‘hanbike’ modalitatean munduko onenetakoa den txirrindulari euskaldun batek Euskal Herriko zazpi hiriburuak bizikletarekin lotuko ditu zazpi egunetan: Baionatik Bilbora. Helmuga San Mamesen izatea da asmoa.
Eurokopari begira
Ekainean Eurokopako hainbat partidu San Mamesen jokatzea aurreikusita dago. Egun horretan lan diplomatikoa eta informatiboa egiteko asmoa dute. Euskal Herrira datozen nazioarteko taldeekin eta federazioekin egon gura duten euren asmoen berri emateko.
Tourrera begira
Udan Frantziako Tourrean sasoi bateko euskal giroa berreskuratu gura dute bizikleta martxa batekin eta bestelako ekimenekin.