Araitz Villa 23 urtez azpiko euskal korrikalaririk onena izan da Espainiako kros txapelketan

Joseba Derteano 2021ko mar. 3a, 08:58

Gontzal Murgoitiok, berriz, ezin izan du parte hartu antigenoen proban positibo eman ostean.

Orain asteburu bi Getxoko krosean egindako lan bikainari esker, Espainiako txapelketara sailkatu ziren Araitz Villa abadiñarra eta Gontzal Murgoitio elorriarra. Lehenengoak Getafeko (Madril, Espainia) hitzorduan parte hartu ahal izan zuen joan zen asteburuan Euskadiko selekzioko elastikoa defendatuz, eta 23 urtez azpiko mailan euskaldunik onena izan zen. Bidezabal klubeko atletak 19. tokian amaitu zuen sailkapen orokorrean. Murgoitiok, aldiz, ezin izan zuen parte hartu antigenoan proban positibo emanda.

Korrikalari biek uste zuten kontrara, 10.200 metroko zirkuitua uste baino gogorragoa  eta aldapatsua izan zen. Euskal korrikalariek, normalean, errendimendu hobea izaten dute horrelako ibilbideetan lau-lauetan baino.

Bidezabal klubeko beste hiru korrikalari ere aritu ziren: Itsaso Atutxa durangarra 55. tokian sailkatu zen 20 urtez azpikoan; Oihane Irustak 4. postuan amaitu zuen 23 urtez azpikoan eta Nerea Anasagasti 66. postuan senior mailan.

Gazte mailako atletismo txapelketa

Bestalde, Donostiako Anoeta belodromoak Euskadiko gazte mailetako atletismo txapelketak hartu zituen joan zen asteburuan. 16 urtez azpiko mailan Julene Arriaga durangarrak zilarrezko domina jantzi zuen 300 metroko proban (43.53).

Federatuen txapelketa batean estreinaldia zuten eskualdeko atleta biren lana ere azpimarratu beharra dago. Enara Perez durangarrak 1.000 metroko proba irabazi zuen (3.19.75) eta Izar Menbidil atxondarrak brontzea jantzi zuen salto hirukoitzean 9,52 metroko jauziarekin.

Xabat Oar Arteta, Sara Asenjo, Izaro Aranburu, Sarai Larrinaga, Urtza Agirre, Unax Solabarriera, Aimar Vicente eta Asier Garcia ere bikain aritu ziren, nor bere mailan eta modalitatean. Atleta hauek guztiak Durango Kirol Taldekoak dira.

Bidezabaleko atletek, berriz, bederatzi domina eskuratu zituzten. Euretako bost urrezkoak izan ziren: Elena Fernandez 600 metrotan, Sara Tambo pertikan, Iraia Sarasua altura-jauzian, Julen Pedraza pisu-jaurtiketan eta Julene Bouzo altura-jauzian. Zilarrezko hiru dominak honako hauek dira: Elena Fernandez 1.000 metrotan, Unai Hernandez 60 metrotan eta Aritz del Pino salto hirukoitzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!