Getxoko krosa irabazi eta Espainiako txapelketara sailkatu dira Gontzal Murgoitio eta Araitz Villa

Joseba Derteano 2021ko ots. 15a, 10:40

Oihane Irusta, Itsaso Atutxa eta Izaro Egibarrek ere lan bikaina egin zuten.

Atzo Getxoko krosa lehiatu zuten diziplinako korrikalari onenekin. Asteburu bi barru, otsailaren 28an, Espainiako buruz buruzko txapelketan Euskadiko selekzioa nortzuk osatuko duten erabakitzea zen helburua.

Eskualdeko korrikalari asko nabarmendu ziren. Denen gainetik Gontzal Murgoitio (Durango Kirol Taldea) eta Araitz Villa (Bidezabal) aipatu daitezke. Sekulako lana eginda, 23 urtez azpiko lasterketak irabazi zituzten, Espainiakora sailkatuz.

Gontzal Murgoitiok (Elorrio, 2001) eguneko denborarik onena lortu zuen, senior mailakoena baino hobea. Probako ia 10 kilometroak 31.37.00ko denboran egin zituen. Hasieratik egurrean aritzea izan zen bere estrategia. "Parte hartzaileetako asko pistatik zetozen eta normalean esprint ona izaten dute. Beraz, lasterketa ahalik arinen apurtzen saiatu nintzen. Banekien sasoi onean nengoela hori egiten saiatzeko". Azken itzuli bietan, aurkariak nekatuta zeudela ikusi, ihes egin eta bakarrik helmugaratu zen.

Araitz Villa (Abadiño, 1999) "oso gustura" dago egindako lanagaz. Seigarren kilometrora arte onenen taldetxoan joan zen eta orduan egin zuen aurrera. "Aspaldi kros bat egin barik nengoen eta, egia esanda, motibatuta eta nahiko indartsu sentitu nintzen", adierazi du. Villak aurten du lehenengo urtea Durangoko Bidezabal taldean; Zaragozako Scorpio klubean ibili zen iaz.

Durangaldeko beste hainbat korrikalari ere Espainiakora sailkatu ziren: Bidezabal taldeko Oihane Irusta (Durango, 2001) 23 urtez azpikoan eta hirugarren postuarekin eta, Itsaso Atutxa (Durango, 2003) 20 urtez azpikoan eta laugarren postuarekin. Izaro Egibarrek (Durango, 2003) ere Getafera joateko aukerak ditu 20 urtez azpikoan bosgarren tokian sailkatu ondoren.  

Nerea Anasagasti portugaletearra (Bidezabal) ere sailkatu zen, maila absolutuan.

Espainiakoan, gozatzera

Espainiako txapelketak ez dira emankorrak izaten euskaldunentzat. Euskal Herriko ibilbideek honako ezaugarriak izaten dituzte: aldapak, lokatza eta landa irregularrak. Espainiako txapelketakoak, aldiz, lau-lauak izaten dira, pistako korrikalarientzat aproposagoak. Horregatik, Murgoitio eta Villa ahalik lanik onena egitera doaz, goragoko helburu barik. "Gainera, gaur eguneko egoera honetan, beste lasterketa bat egiteko aukera bera opari itzela da. Gozatzera noa", adierazi du Murgoitiok.

Martxan, Ainhoa Colino

Bestalde, Ainhoa Colino berriztarra (Bidezabal) Espainiako martxa txapelketan aritu zen atzo, Sevillan. 22. tokian amaitu zuen. Oraindik ez ditu 18 urte, baina hala ere bera da martxako korrikalari onena Euskadin. Izan ere, oso jende gutxik egiten duen kirola da. Horren adierazle da datu dau; Espainiako txapelketan korrikalari euskaldun bi bakarrik aritu ziren.

1.500 metrotan eta jaurtiketan

Eskualdeko taldeetako atleten asteburuko errepasoa beste txapelketa birekin amaituko dugu. 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan, Judith Otazua gernikarrak (Bidezabal) brontzezko domina irabazi zuen 1.500 metrotan (4.42.55). Horrez gainera, Iruñean jokatutako Euskadiko eta Nafarroako jaurtiketa luzeen txapelketan brontzezko domina irabazi zuen Durango Kirol Taldeko Sarai Larrinaga etxebarriarak. Disko jaurtiketan honako hau izan zen bere marka: 36,78. Emaitza horri esker Espainiako ranking-ean hirugarren kokatu da 18 urtez azpiko mailan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!