Iñaki Gorritxategi JAED elkarteko kidea hil da

Joseba Derteano 2021ko urt. 27a, 12:23

Elkarteko kidea izan da 1963an sortu zenetik.

Iñaki Gorritxategi Alberdi (Berriz, 1931) hil da 89 urterekin. Aurpegi ezaguna zen Durangaldean JAED elkateko kidea zelako sorreratik eta elkarteko askoratiko ekintzak aurrera eramaten lagundu izan duelako. "Pertsona prestua zen, beti edozertan laguntzeko prest zegoen horietakoa eta betirako gure gogoan egongo da", adierazi dute JAEDeko kideek. 

Gorritxategi Berrizko elizosteko errotan jaio zen, 1931n. Bederatzi neba-arreba ziren eta gerra garaian Eibartik errefuxiatuta etorritako jendea hartu zuten etxean, ahotsak.eus webguneko biografiak jasotzen duenez. Durangoko bonbardaketa gertatu zenean sei urte zituen. Andikonatik (Berriz) ikusi zituen bonbak jausten. Durango 1936 Kultur Elkarteak egindako elkarrizketan bere umezaroa gogoratzen du, esaterako, zelan eraman zuten aita preso herritar batek salatuta.

ANBOTOri ere kontatu zizkion bere umetako bizipenak 2016an, gerrako umeak omentzeko Plateruenean egin zen Agurrik Gabeak ekitaldiaren harira. Gogoratu zuen zelan familiari errota zigilatu zioten gerra sasoian eta zelan merkatura ortuko jeneroa eramateko baimenik ere ez zuten, besteak beste.

2014an ANBOTOk Iñaki Gorritxategi eta Juanito Gallastegi abadea batu zituen Durangoko bonbardaketaren 77. urteurrenean eta bondardaketa zelan bizi izan zuten kontatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!