"Gerra txarra izan zen, baina gero gauza txarragoak etorri ziren"

Jone Guenetxea 2016ko urr. 30a, 21:46

Gerraren inguruko testigantza hunkigarriak azaldu dituzte Iñaki Gorritxategi berriztarrak, Eskarne Aroma durangarrak eta Maria Igarza elorriarrak 'Agurrik Gabeak' ekitaldian, gaur, Plateruenean. Umetan gerraren krudeltasuna bizi izan zuten hiru lagun hauen lekukotzekin, gerrako umeak omendu gura izan dituzte.  Durango 1936 elkarteak aurreratu duenez, Durangaldean batutako 85 testigantzekin webgunea jarriko dute martxan. Azaroaren 25ean, Pinondon egingo dute memoria historikoaren inguruko proiektuaren aurkezpena.

Ehunka lagun bildu dira gaur, Plateruenean, Durango 1936 elkarteak antolatutako 'Agurrik Gabeak' ekitaldiaren bederatzigarren aldian. Kristina Mardaras ekitaldiaren aurkezleak azaldu duenez, "isilean sufritu zutelako" gerrako umeak omendu gura izan dituzte. Horretarako, umetan gerra sufritu zuten hiru pertsonek beraien testigantza azaldu dituzte.

Iñaki Gorritxategi berriztarraren familiari errota zigilatu zioten gerra sasoian. Merkatura ortuko jeneroa eramateko baimenik ere ez zuten. Bere ama Candidak Andikoara osaba-izebaren etxera bidali zuen Iñaki beste neba-arreba batzuekin. Baina, amak zer edo zer gertatuko zela somatu zuen. Durangoko bonbardaketa izan zen hurrengoa. Gorritxategik aitaren kartzelaldia ere azaldu du Platerueneko publikoaren aurrean. Berrizen eskolan bizitako pasarte gogorrak ere gogoratu ditu.

Eskarne Aroma izan da hurrengoa hitza hartzen. Bi urte zituen gerrak eztanda egin zuenean. Andra Marian bizi ziren, Durangoko bonbardaketaren erdigunean. Jostunen familia bateko kidea zen. Bonbardaketaren ondoren, Abadiñoko Bizketxe baserrira joan ziren. Ama haurdun zegoen, eta bertan erditu zen. Handik Kataluniara eta Frantziara joan ziren.

Maria Igarzaren familiak berriz, taberna zeukan Elorrioko plazan. Umetan hegazkinen eta kainoien mugimendua gogoratzen du. Horrelako eztanda batek bere etxeko leihoetako kristalak hautsi zituen. Negu hotza izan zen hura. "Gerraren ostean ez dago ezer. Gerra txarra izan zen, baina gero gauza txarragoak etorri ziren". Maria eta bere neba-arrebak ere izeko baten etxera joan ziren bonben ihesi.

 

 

Testigantzekin osatutako webgunea

Durango 1936 elkarteak jasotako 85 testigantzekin webgunea sortu du. Azaroaren 25ean aurkeztuko dute memoria historikoa berreskuratzeko proiektua. Andoni Barreña elkarteko kideak azaldu duenez, parte-hartzaileren batek dokumenturen bat ematea gura badu testigantzekin batera gordetzeko, oraintxe da momentua.

 

Urtero legez, Tronperri dantza taldeak aurreskua eta lore-eskaintza egin die omenduei. Horrez gainera, Bidane Txopiteak eta Jasone Turunbaik Agurrik Gabeak kantua abestu dute. Abesti honen letra Unai Iturriaga bertsolariarena da, eta Ander Ertzillak musikatuta dago.

Udaberririk ankerrena
Jarraian, Unai Iturriagak eta Alex Sanvik sortutako Udaberririk ankerrena komikian oinarritutako antzezlana taularatu du Karrika antzerki taldeak. Komiki honetan, 1937ko martxoaren 31n Durangon eta Elorrion gertatutako bonbardaketak azaltzen dira, bi umeren ikuspuntutik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!