“Herritarrei dei egiten diegu JAEDen standera etorri eta zozketa-txartelak erostera”

Anboto 2020ko aza. 20a, 17:49

JAED elkarteak gaur zabaldu du urteroko stand solidarioa, Durangoko Andra Marian. Pandemiaren eraginez elikagai eta laguntza eskariak igo direla eta, zozketa-txartelak erostera eta zozketa solidarioan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

50.000 zozketa-txartel kaleratu ditu JAEDek. Gaurtik urtarrilaren 6ra arte egongo da txartelok eskuratzeko aukera. Elkarteak deialdi berezia egin die herritarrei: “Aurten jairik ez denez egon, ezin izan dugu zapien salmentatik eratorritako dirurik batu. Ohi bezalako Durangoko Azokarik ez da egongo. Ezta Olentzeroren edo Errege-magoen kalejirarik ere ez. Hori dela eta, herritarrei eskatzen diegu standera etortzeko, txartelak erosteko”, esan dute elkarteko kideel, gaur arratsaldean egindako agerraldian.

JAEDek zozketa solidarioagaz finantzatu ohi du urteko lan solidarioaren diru zati handi bat. Herritarrik zaurgarrienen beharrizanak estaltzen dituzte batutakoekin. Elikagaiak eskaintzen ditu dohaintzan, besteak beste. “Pandemiarekin igo egin da elikagai eskaria. 226 familiari eskaintzen diegu arreta. 88 gutxiago ziren martxoa baino lehen” esan dute. “Ea marka guztiak haustea lortzen dugun”. Zozketa-txartel bakoitza 1,5 euroan dago eskuragarri.

Standa, prest

Elkarteak gaur zabaldu du zozketa solidarioaren standa, Durangoko Andra Mariko elizpean. Urtarrilaren 6ra arte erosi ahalko dira txartelak. Egun horretan bertan egingo dute zozketa.

Aurten eskuratu ahalko diren sarien artean honakoak daude: Renault Clio autoa, iMac ordenagailua, Play Station 5 bat, bizikletak, erlojuak, Kanariar uharteetarako bidaia bat eta Portugalerako bidaia, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!