“Jatekoa eskatzeak lotsa ematen du, baina beti izan dut argi lapurretan egitea baino gurago dudala eskatu”

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 17a, 09:30

Irenek elikagaien bankura jo behar izan du jateko eske. Sekula ez du halako beharrizanik eduki, baina pandemia hastearekin batera egoera ekonomikoa larritu zaiola-eta, laguntza eskatu behar izan du ezinbestean. Elkarrizketatuak gurago izan du bere identitatea ezkutuan gorde, eta alegiazko 'Irene' izenagaz aurkeztu du bere burua.

Pandemiaren erdian goitik behera aldatu zitzaizuen etxeko egoera ekonomikoa.
Martxoan, nire soldata zen etxeko diru-sarrera bakarra. Senarra lanik barik zegoen, eta agortuta zuen langabeziagatiko prestazioa. Nire lan-kontratuaren amaiera data martxoaren 26a zen, eta, noski, konfinamendua une horretan iritsi zenez, enpresak ez zidan kontratua berritu. Ez nuen ERTE baterako aukerarik. Senarra eta biok etxean geratu ginen. Hortik aurrera, nire langabeziagatiko prestazioa izan zen etxeko diru-sarrera bakarra. 300 euro hilean.

300 euro. Nola egiten zaio aurre hilabeteari?
Fakturak eta ordainketak atzeratuta. Etxebizitzaren alokairuari aurre egin ahal izateko, laguntzak eskatzen hasi ginen. Baita elikagaiak eskatzen ere. Curriculumak eta mezuak alderik alde bidaltzen aritu gara, leku guztietara, etengabe. Konfinamendua apur bat arintzen hasi zenean, senarrari lan-eskaintza bat ailegatu zitzaion. Osasun azterketa bat egin zioten, eta lanean hastea lortu zuen. Gaur egun, lanpostu horretan segitzen du. Hilabete eta erdi darama bertan. Nire langabeziagatiko prestazioa agortu egin da, eta orain bere soldata da etxeko diru-sarrera bakarra. Atzeratutako fakturak ordaintzen hastea lortu dugu. Alokairuaren ordainketa, ura, argia... Argiaren kasuan, adibidez, bost faktura pilatu zaizkigu.

Eta, egoera horretan, elikagaien bankura jo behar izan duzue ezinbestean.
Alokairua ordaindu ahal izateko diru-laguntzak irten zirela jakin genuenean, udaleko gizarte-laguntzaileagaz ipini ginen harremanetan. Elikagaien inguruko kezkak azaldu genizkion, eta berak ipini gintuen kontaktuan elikagaien bankuko kideekin. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak zeuden, eta jakin genuen jende asko zegoela gure moduko egoeran.

Jatekoa eskatu behar hori estigmaz ikusten al dugu gizartean?
Estigma baino gehiago, lotsa delakoan nago. Nik, behintzat, lotsa sentitu dut. Sekula ez dugu ezer sobera izan, baina inoiz ez gara egon jatekoa eskatu behar izateko moduko egoeran. Janaria eskatu behar horrek lotsa ematen du, baina beti izan dut argi lapurretan egitea baino gurago dudala jatekoa eskatu. Etxean jatekoa behar genuen.

Elikagaien beharrizana egon badago. Arazo hori behar bezala ikusarazita eta gizarteratuta dugula uste duzu?
Esango nuke badugula arazo honekiko kontzientzia. Supermerkatuetan elikagaiak batzeko kanpainak egin ohi dira. Inguruan ditugu. Baina, ez duguna barneratuta da hau edonori pasa dakiokeela.

Hau edonori pasa dakiokeela ez dugu barneratuta?
Ez, ez. Gure iruditegi kolektiboak uste du egoera hau baliabiderik ez dutenek bizi dutela. Migranteak, etorkinak lotzen ditugu egoera honegaz. Baina, hau edozein etxetan gerta daiteke. Bakoitza bere burbuila barruan bizi da, eta ez dugu uste egunen batean horrelako egoera batean egon gaitezkeenik. Lana izatetik, etxea izatetik, janaria izatetik ezer ez izatera pasatzen zara berehala. Oso gogorra da, eta buruari buelta pila bat ematen dizkiozu.

Egun hauek zer moduz eraman dituzue psikologikoki?
Oso luzea eta etsigarria izan da konfinamendua. Ez genekien ezta biharamunera arte ailegatuko ote ginen ere, biharamunean ogia erosteko biderik izango ote genuen. Ez genekien deiren bat izango ote genuen, lan-eskaintzaren bat ailegatuko ote zen. Ziurgabetasun handia izan dugu, eta oso gogorra izan da. Senarra ni baino ezkorragoa da, eta etsipen handiagoz bizi izan du.

Eta, orain? Zelan zabiltzate animoz?
Tunelaren amaieran argi apur bat ikusten hasi gara. Senarra lanean ari da, eta nik ere epe motzera lana topatzea gura dut. Soldata bakarra dugu, baina, behintzat, hasi gara atzean utzitako fakturak ordaintzen, egoerari buelta ematen. Bai, argi apur bat ikusten dut tunelaren amaieran.

Badago gehitu gurako zenukeen ezer?
Azpimarratu gura dut egoera hau ez dagoela uste dugun bezain urruti. Edonori pasa dakioke. Inor ez da honetatik libratzen. Kontzienteago izan behar dugu, eta solidarioagoak hurkoekin. Nire egoera hobetzen denean, elikagaien bankuari dohaintzak egiteko ohitura hartuko dut. Ahal dudan neurrian lagundu egingo dut. Nik orain behar izan dudana besteren batek behar izango du hurrengo batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!