Elikagaien bankura joan behar izan dutenen kopurua ia bikoiztu egin da pandemia hasi zenetik

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 17a, 09:30

Osasun eta ekonomia krisialdiak eztanda egin zuenetik hona, igo egin da janari eske elikagaien bankura jo behar izan duten herritarren kopurua. Bizkaiko elikagaien bankuak emandako datuen arabera, martxo hasieran 25.000 bat herritar laguntzen zituzten. Kopuru hori 33.000ra pasa da ekainaren bukaeran; hau da, eskariak %32 hazi dira. Eta, Durangaldea ez da salbuespena. Igoera egon da gurean ere, eta kasu batzuetan, baita egoera larritu ere.

Covadonga Noval (Durango, 1960) eta Susana Lorenzo (Sopelana, 1968) JAED elkarteko boluntarioak dira. Elkartean Iurretako eta Durangoko herritarrak laguntzen dituzte gehienbat, eta egunotako eskarien gorakada "izugarria" izan dela diote. Datu bakar batek argitzen du egoera: martxoaren hasieran, pandemia ailegatu baino lehen, 196 familia laguntzen zituzten. Ekaina, ostera, 284 familia artatuta itxi dute. %45eko igoera izan dute eskarietan.

"Igoera handia izan da. Konfinamendua hasi zenean, administrazio publikoetako gizarte langileek gugana bideratu zituzten herritarrak. Jendea lanik barik eta ezelako baliabiderik barik geratu da bat-batean. Alokairuari ezin eutsita, umeekin, jatekorik barik. Egoera zaila da", adierazi du Covadonga Novalek. Orain badirudi igoera horrek etetera egin duela, baina hasiera batean kolpetik etorri zen dena. Izugarria izan zen. Telefonoa hartu. Orria bete. Dei bat jaso orain. Beste dei bat gero. Guztiari ezin helduta moduan aritu gara, geratu barik".

Prekarietatearen eragina
JAEDeko boluntarioen esanetan, beltzean lan egiten duten beharginak izan dira eurengana gerturatu diren herritar gehienak; hau da, lan-kontratu barik lan egiten dutenak. Etxeetako garbitzaileak eta pertsonak zaintzeaz arduratzen diren langileak daude horien artean. Susana Lorenzoren esanetan, lotura zuzen bat dago lan prekario baten eta eskarien gorakadaren artean. "Lana egin eta beltzean kobratzen duen jende asko etorri da guregana. Iruditzen zait badagoela lotura zuzen bat. Lanik barik gelditzen zara, eta noski, kontraturik ez duzunez, ez duzu langabeziagatiko prestaziorik, ez duzu beste edonora joateko aukerarik, eta ez duzu bestelako diru-sarrerarik. Horrelako kasu dezente ikusi ditugu. Artatu ditugun gehienak ez daude ERTE egoeran.

Estigmen kontra
Jatekoa eta laguntza eskatu behar horrek beste ezaugarri bat ere badu atzean: eskatzearen edo pobrezia egoeratik gertu gaudela onartzearen estigma. Novalek eta Lorenzok horrelako egoerak bizi dituzte eskatzaileen artean. "Batzuei kosta egiten zaie gugana etortzea. Hona etorri eta elikagaiak hartzeko ilara egin behar denez, besteek zu hor ikusiko ote zaituzten beldur hori dute. Hasiera batean jendeari esaten diozu elikagaiak hartzeko aukera duela eta erantzuten dizuna da, momentuz, gurago duela itxaron. Gero, konturatzen dira beharrizana dutela, eta etortzea baino ez zaie geratzen. Kasu batzuetan, diskrezioa zaintzea eskatzen digute, eta entregatze ordutegiak apur bat moldatzen ditugu", adierazi du Novalek.

Elkartasunerako deia
Pandemiaren hasieran elikagai eskasia gertu izan zutela azaldu dute JAEDeko kideek. Orain egoera nabarmen hobetu da, eta eskerrak eman dizkiete herriko dendariei, arrandegiei eta Rio de Oro elkarteari, egindako dohaintzengatik. Dena dela, laguntzen jarraitzeko gonbita egin diete herritarrei. Izan ere, JAEDek ez daki zer gertatuko den bere finantzaketa iturriekin: Durangoko jaiak bertan behera gelditu direla-eta, jaietako zapien salmentarekin zer egin pentsatzen ari dira, baita urtero gabonetan egin ohi duten tonbolarekin zer egin ere. Herritarrak deitu dituzte bazkide egin eta JAED bultzatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!