Amorebietak azken minutuko garaipenarekin hasi du denboraldia eta Durangoko Kulturalak puntu bat urratu du etxetik kanpora

Joseba Derteano 2020ko urr. 19a, 13:11
(Argazkiak: 'sdamorebieta.eus' eta 'culturaldurango.org')

Durangaldeko bi futbol talde nagusiek bide onetik ekin diote denboraldiari.

Parentesi luze baten ostean, baloia dantzan jarri dute berriro Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako taldeek. Eskualdeko klubentzat hasiera itxaropentsua izan da: Amorebietak garaipen sufritua lortu du etxean azken minutuan sartutako gol batekin eta Kulturalak merezitako berdinketa lortu du Pasaiara egindako bisitan.

Larrean jokatutako partiduaren atarian minutu bateko isilunea gorde zuten Maria Eugenia Etxebarriaren oroimenez. 2014 eta 2018 urteen artean klubeko presidente izandakoa irailaren amaieran hil zen.

Partiduan, Amorebietak 2-1 menderatu zuen Laredo. Obietak etxekoak aurreratu zituen lehenengo zatian eta Peredak markagailua berdindu zuen bisitarientzat 67. minutuan. Partiduko azken jokaldian heldu zen garaipenaren gola. Geldikako jokaldi batean, atzelariak errematera igo ziren eta euretako batek, Aimar Sagastibeltza leitzarrak, sareetara bideratu zuen area barruan dantzan zebilen baloia. Sagastibeltzak bigarren denboraldia du Amorebieta klubean. Esperientzia handiko jokalaria da eta Gernika eta Real Union taldeetan jokatu du, besteak beste. Nabarmentzeko datu bat da Amorebietaren aurtengo jokalari guztiak euskal herritarrak direla. Kasu bakarra da Bigarren B Mailan dabiltzan euskal talde guztien artean.

Kulturala: berdinketa eta hiru jokalariren debuta

Hirugarren Mailan, Durangoko Kulturalak puntu baliotsua (1-1) lortu zuen Pasaiara egindako bisitan. Jon Larreategiren gizonek sufritu egin zuten lehenengo zatian eta atzetik joan ziren aldageletara, baina bigarrenean erreakzionatu eta merezitako berdinketa lortu zuten Ximon jokalariaren bitartez. “Puntu ona da arerio zail baten aurka”, baloratu du emaitza Larreategik.

Azpimarratzeko da hiru jokalari gaztek lehenengo taldearekin debutatu zutela: Joseba Beitia (19 urte), Aitzol Gonzalez (18 urte) eta Josu Gallastegik (18 urtez). Gallastegik klubeko maila guztietan jokatu du, lehenengo taldera heldu arte.

Emakumeetan, eskualdeko ordezkari nagusiak, Elorrio futbol klubak, azaroaren 1ean hasiko du denboraldia, Eibarren zelaian.

Kulturalarekin debutatu duten hiru gazteen argazkia:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!