[BIDEOA] Adina bazterketarako arrazoia izan ez dadin

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 1a, 12:49

Gaur, urriaren 1a, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna da. Durangaldeko adinekoen elkarteek eta pentsiodunen mugimenduak zahartze aktibo baterako bideak ipintzea eskatu diete gizarte osoko eragileei. Adinekoen kolektiboaren eskubideak aldarrikatu dituzte, adina bazterketarako arrazoia izan ez dadin.

Durangaldeko adinekoen elkarteek eta pentsiodunen mugimenduak honako adierazpen hau egin du gaurko egunean: 

  1. Eskubidea daukagu modu aktiboan parte hartzeko bizitzako esparru guztien planifikazioan, antolakuntzan eta erabakiak hartzeko orduan. Horretarako, erakunde publikoek beharrezko baliabideak eskaini beharko dituzte.
  2. Durangaldeko arduradun politikoei, gizarte eragileei eta erakunde publikoei hauxe eskatzen diegu: konpromisoa hartu dezatela zahartze aktiboa sustatzeko programak garatzeko, eta baita laguntza eta zaintza publiko unibertsal eta gertukoa bultzatzeko ere; egoitza, eguneko zentro eta menpekotasuna duten pertsonen eta familia zaintzaileen laguntzarako zerbitzuak behar ditugu.
  3. COVID-19ak sortutako egoera honek gogor kaltetu du gure kolektiboa. Bada, exijitzen dugu gizarte eta osasun zerbitzuek giza baliabide eta material gehiago izan dezatela, zaintza duina eta kalitatezkoa bermatzeko eta adinekoen eskubideak errespetatzeko.
  4. Komunikabideei exijitzen diegu bizitzako etapa honen irudi erreal bat erakutsi dezatela: gure artean desberdinak gara, denok ez gaude menpekotasun egoeran, ez gara pasiboak... eta gure esperientzia, ezagutza eta denbora eskainita, familia asko sostengatzen laguntzen dugu.
  5. Deia egiten diegu adineko guztiei bizitza sozialeko alderdi denetan parte hartzera. Horrela, administraziora ditugun proposamen, kexak eta eskakizunak helaraziko ditugu, eta baita guztiontzako pentsio duinaren eskaria ere, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen moduan.
    Horrekin guztiarekin, gizarte solidario eta lagunkoiago bat sortu gura dugu; adina bazterketarako arrazoi izango ez den gizarte bat.

Amaitzeko, azpimarratu gura dugu lan egingo dugula manifestu honetan jasotakoa hitz hutsetan ez geratzeko, eta aldarrikatutakoa gu guztion eguneroko konpromisoa izateko. Gora Nagusion eguna!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!