Etxebakoentzat behin-behinean ipinitako aterpetxean 36 bat laguni eman diete babesa

Ekaitz Herrera 2020ko api. 22a, 10:43

Amankomunazgoak eta Gurutze Gorriak etxebakoentzako behin-behineko aterpetxea atondu zuten martxoaren 17an, alarma egoerak iraun bitarteko irtenbide modura. Dagoeneko 36 bat herritar lagundu ditu zerbitzuak. Bestalde, arreta psikosozialerako zerbitzua ere eskaintzen hasi dira

Behargintzaren eraikinean atondutako aldi baterako aterpetxea hasia da fruituak ematen eta babesa eskaintzen. Hango geletan oinarrizko elikadura eta higiene-beharrak asetzen laguntzeko baliabideak dituzte etxebakoek. Besteak beste, hamakak, mantak, garbiketa eta higiene pertsonalerako produktuak, garbitegia, elikagaiak, mikrouhin-labea, hozkailua, material higienikoa eta norbera babesteko ekipamenduak eskaintzen dira. Eguneko egonaldirako 20 plaza eta gauerako beste 10 eskaintzen ditu. Azken hauek Errota ostatuan erabilgarri dauden plazei gehitzen zaizkie. Amankomunazgoko iturriek azaldu dutemez,  Gurutze Gorriko kideek eta segurtasun teknikariek 24 orduko zaintza eskaintzen dute.

Zerbitzu berria martxan: arreta psikosoziala

Etxebakoei eskaintzen zaien zerbitzua hobetze aldera, psikologo baten zerbitzua ere ipini du martxan. "Zerbitzu berri honen helburua astean zehar eguneroko bizikidetzaren ondorioz sortzen diren gatazkak kudeatzea" dela azaldu du Amankomunazgoak. "Gatazkarako gaiak aurrez identifikatzen dira, arreta psikosozialeko asteko saioan elkarrekin lantzeko". Zerbitzuak harrera ona izan duela azaldu dute, "bai erabiltzaileen artean, bai aterpetxea zaintzen duten langileen artean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!