Amankomunazgoak etxebakoentzako aterpetxea atondu du Behargintza dagoen eraikinean

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 17a, 15:25

Gaua pasatzeko eta egunez erabiltzeko gunea atondu du. 15 ohe, egongela, tapakiak, mikrouhin labeak, berogailua, janari-zerbitzua eta wifia eskainiko dituzte. Herritarren zirkulazioa eten eta kalean egotea ezinezkoa delako erabaki du Amankomunazgoak etxebakoentzako ezohiko neurri hauek hartzea. Mireia Elkoroiribe presidenteak "erabat beharrezkotzat" jo du kolektibo ahulenei erantzun egokia emateko" oinarrizko premiei erantzutea

Behargintzaren eraikina aldi baterako aterpetxe bilakatu du Amankomunazgoak. Alerta egoerak iraun bitartean etxerik ez dutenentzako gunea atondu du. Etxebakoek oinarrizko elikadura eta higiene-beharrak asetu ditzaten. Gurutze Gorriagaz koordinatu da Amankomunazgoa eta beharrezko langileak kontratatuko ditu egokitutako gune horretan laguntza eta segurtasuna emateko.

Bestalde, Errota ostatua aterpetxean ere zerbitzuak indartuko ditu (Ibaizabal ikastolaren ondoko aterpetxean). Orain arte, erabiltzaileak hiru egunez egon zitezkeen gehienez bertan, baina epe muga hori etetea erabaki du Amankomunazgoak alerta egoerak iraun bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!