Rothenberger eta Betsaide enpresak salatu ditu ELAk, langileetako batzuk "dekretuan ezarritakoaren kontra" beharrera deitzeagatik

Ekaitz Herrera 2020ko api. 3a, 14:18
Elorrioko Betsaide enpresa.

Sindikatuak dioenaren arabera, bi enpresek haien langileetako batzuk abisatu zituzten apirilaren 1ean, hurrengo egunean lanera itzuli behar zutela esateko. ELAk argudiatu du Abadiñoko Rothenbergerren eta Elorrioko Betsaideren ekoizpena ez dagoela lege-dekretuak markatutako funtsezko jardueren zerrendan

ELAk Abadiñoko Rothenberger eta Elorriko Betsaide enpresak salatu ditu Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren Ordezkaritzan salaketa bana ipinita. Abadiñoko Rothenberger enpresari martxoaren 29an onartutako "Lege-Dekretuan ezarritakoaren kontra" jotzea egotzi dio. "Apirilaren 1ean, langile batzuei berriro abisatu zien apirilaren 2az geroztik lanera itzuli behar zutela esanez, Lege-Dekretuan ezarritakoaren kontra", azaldu du ELAk. Izan ere, sindikatuaren arabera, Rothenbergerren jarduna ez legoke funtsezkoak diren ekoizpenen artean.

Elorrioko Betsaide enpresaren kasua ere antzekoa litzateke, ELAren esanetan. Enpresan egiten den "jarduera siderometalurgikoa" funtsezko jardueren zerrendan ez dagoela dio. Horretaz gain, enpresak ERTE eskari bat egin duela esan du, eta ERTE eskari horrek erakutsiko luke Betsaideren ekoizpena ez dagoela funtsezkoak diren zereginen artean, "Lege-Dekretu hori ezin baitzaie aplikatu ERTE bat eskatu duten edo aplikatzen ari diren enpresei".

Enpresen "erantzunkizun eza" eta "langileen osasuna eta bizitza arriskuan" ipintzea salatu ditu ELAk eta gaineratu du horrelako kasu berririk emango balitz, eskura dituen "neurri guztiak" hartuko dituela.

 

 



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!