Arnas sintomak dituzten herritarrak Durangoko anbulatorio zaharrean eta Zornotzako osasun zentroan artatuko dituzte

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 23a, 12:44

Durangoko anbulategi zaharrean "arnas patologiak" dituzten herritarrak hartuko dituztela baieztatu dio ANBOTOri Osasun Sailak. Landakokoak "ohiko patologiak" dituzten herritarrak hartuko ditu, orain arte egin bezala. Zornotzako anbulategian, "zirkuitu bi" ipiniko dituzte: arnas patologientzako bat eta ohiko patologientzako bestea

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetako zerbitzuak berrantolatzeari ekin dio Osakidetzak. Durangaldeko herritarren ospitalea Galdakaokoa denez, (OSI Galdakao-Barrualde deituriko eremua hartzen duena) berrantolaketa horrek arrastoa utziko du Durangoko eta Zornotzako osasun zentroetan. Osasun Sailaren arabera, bi herri horietakoak dira, besteak beste, "arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko erreferentziazko osasun-zentroak". Berrantolaketa hori "aste honetan" egingo dela aurreratu dute.

Durangoko anbulategi zaharrean "arnas patologiak" dituzten herritarrak artatuko dira aurrerantzean. Horiek hartuko ditu bakar-bakarrik. Landakako anbulatorioan "ohiko patologiak" artatzen segituko dute. Zornotzaren kasuan, "bi zirkuitu" ipiniko dira. Arnas arazoak dituztenak bide batetik joango dira. Beste patologiaren bat dutenak, berriz, zirkuituaren beste bidetik. Berrantolaketa honek guztiak kutsatzeak ekiditea du helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!