Lur-jausia Zaldibarren

Hondakindegiaren azpiko isurketak ekiditeko hoditeria sistema konpontzen hasiko dira hurrengo orduetan

Ekaitz Herrera 2020ko ots. 18a, 16:34

Lur-jausiak hondakindegiak zeukan hoditeria sistema apurtu zuela azaldu du URA agentziak gaur. Arratsalde honetan edo bihar goizean hasiko dituzte konpontze lanak. Lixibiatuak lurrera eta erreketara iragaztea ekidin gura dute hoditeria berriagaz.

Lur-jausia gertatu baino lehen "hondakindegi azpiko hoditeriak" hartzen zituen hondakinen artean sortzen ziren ur eta isurketak. Halaxe esan du gaur Ernesto Martinez De Cabredo URA agentziaren zuzendariak. Adierazi du lur-jausiak suntsitu egin zuela hoditeria sistema, eta hori berritzeko lanak gaur arratsaldean edota bihar goizean hasiko dituztela. Ustez, lixibiatuen isurketen zati bat ekidingo lukete hodiek.

Lixibiatuak uretan

Uraren beraren kalitateari buruz azaldu du amonio kantitate altua dutela Eitzaga inguruetako urek. Otsailaren 11n ekin zion URA agentziak inguruetako ur analisiak egiteari. Emaitzak atzo jakinarazi zituen. Ohi baino amonio kantitate handiagoa detektatu zuten Aixola, Ego eta Eitzagabarrena inguruetan. Kadmioa eta selenioa bezalako konposatuak ere agertu dira, baina, dioenez, "neurri txikian". "Egon, badaude elemetu horiek. Analisiek hala jasotzen dute, baina ez dago kezkarako arrazoirik".

Kontsumorako urari dagokionez ere, eman ditu azalpenak Martinez De Cabredok: "amonioirik ez da sartuko kontsumorako uretan". Eitzaga eta inguruetako hainbat baserrik ur-manantiala jaso izan dute orain arte, sare publikotik kanpoko ura. Bizilagun horiei ur-deposituak ipini zizkieten duela egun batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!