Kiroldegietako grebak bertan behera utzi dituzte behin-behinean, patronalak egindako proposamena aztertzeko

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 20a, 14:19

Patronalak lan-hitzarmen proposamen berri bat ipini zuen pasa den astean mahai gainean. Berau aztertzen ari dira langileak, eta erabakia hartu bitartean, behin-behinean, lanuzteak bertan behera utzi dituzte. ELAk astelehen honetarako aurreikusia zegoen greba bertan behera utzi du, baina indarrean mantendu ditu bihartik aurrerakoak. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek gaurkoaz gain, aste osorako iragarrita zeudenak utzi dituzte bertan behera. 

Bizkaiko kirodelgietako langileen baldintzak eguneratzeko tirabira eta negoziaketek aurrera segitzen dute. Hurbilketa batzuk ematen ari direla badirudi ere, oraingoz, ez dago akordiorik.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak dira Bizkaiko patronalagaz batera mahai negoziatzailean dauden sindikatuak. ELA eta LAB sindikatuek ANBOTOri azaldu diotenez, joan den astean lan-hitzarmen proposamena ipini zuen patronalak mahai gainean. Uneotan, proposamena aztertzen ari dira kiroldegietako langileak eta ez dute erabaki finkorik. Edozein kasutan, behin-behinean, greba deialdiak bertan behera uztea erabaki dute proposamena aztertu eta bozkatu arte. 

Bi jarrera sindikatuen artean

Jarrera nagusi bi ageri dute sindikatuek: ELAk gaurko deituta zegoen lanuztea utzi du bertan behera, baina bihartik aurrerakoak indarrean mantendu ditu. Sindikatuari lotutako langileak patronalaren proposamena aztertzen ari dira. Lan-hitzarmen proposamena aztertzen ari diren beste sindikatuek, berriz, LAB, CCOO, eta UGT sindikatuek, gaurkoaz gainera, aste osorako deituta zeuden grebak utzi dituzte bertan behera. "Kiroldegiz kiroldegi joango gara langileengana, haiek, bozketa bidez erabaki dezaten", azaldu dute LABeko iturriek.

ELA sindikatuak ordezkatzen du Bizkaiko kiroldegietako langileen erdia baino gehiago, eta balizko lan-hitzarmen batek izaera orokorra hartuko badu, gutxienez, langileen erdiak babestea behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!