Durangaldean metalgintzako grebak %90eko jarraipena dauka sindikatuen arabera

Markel Onaindia 2019ko mai. 23a, 13:26

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK eta CGT sindikatuek grebara deitu dute gaurko Bizkaiko metalgintza sektorean. Durangaldean eragin handia izaten ari da. Gestamp-Bizkaia, Inyectametal, Ona, Betsaide, San Eloy, Jesus Oñate, Udalbide, Alga, Serratu eta beste hainbat enpresak produkzioa eten dute beharginen grebaren eraginez. Bizkaia mailan jarraipena %70-%80 artean kokatu dute sindikatuek.

Aurretiaz 40 bat enpresa geratuko zirela aurreikusita zeukaten, eta gaur gehiago izan dira. 05:00etan hasi dira beharginak informazio-piketeak egiten, eta gero Bilboko manifestaziora joan dira. 

Gaur izan dute lehen greba eguna, eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean jarraituko dute. Hitzarmena hobetzeko asmoz 15 hilabetez ibili dira negoziazioetan patronalagaz, baina aurrerapausorik ez dela egon esan dute sindikatuek.

"Eskubideak eta bizitza erdigunean"
LABek oharra bidali du prentsara balorazioa egiteko, eta esan du "arrakasta itzela" izan duela grebak. "Gaur planto egitea erabaki dute Metalgintzako langileek, euren eskubideak eta bizitza erdigunean jartzea erabaki dute. Langileen prekarietatearen kontura poltsikoak betetzen dituen patronal aseezinaren aurrean planto egin dute", esan du sindikatu abertzaleak.

CCOOk ere era positiboan baloratu du greba, eta metalgintzako enpresen federazioa interpelatu du. "Orain, pilota FVEMren teilatuan dago". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!